Koronabirusa

Lanean berriz, obra publikoetan

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 21a, 12:00
Kalezarko bidegorria. Irudia: Usurbilgo Udala.

Espainiako Gobernuak hainbat sektoreetan ezarritako etenaldiaren ostean, martxan dira berriz hainbat obra publiko gure herrian; Zumarteko lanak, Zubietan eta Aginagako obra bana baita Kalezarkoak ere. Adi, lanengatik, Puntapaxetik Haur Eskolara igotzeko bidea itxita izango da hilabetez.

Espainiako Gobernuak martxoa amaieratik udaberriko oporraldia igaro arteko hamabostaldian ezarritako debekuaren ostean, berriz ere lanera itzuli dira hainbat obra publikoetan. Garabiak martxan dira berriz, baita inguruotan ere. 

Usurbilgo Udaletik ohartarazi dutenez, Zumarte Musika Eskolaren Kale Nagusiko egoitza handitu eta birgaitzeko lanak martxan dira berriz. Aginagako erriberan eta Zubietako Learritza ibilbidean abian da beste obra bana. 

Kalezar, hainbat obren eremua
Kalezarren, Espainiako Gobernuak obrak geraraztea erabaki zuenean, Murkaiku eta Pikaola arteko bidegorriko lanak amaitzear zituzten. "Lanegun bat baino ez zitzaien falta", Usurbilgo Udaletik zehaztu dutenez. Sektore hau lanera itzultzea baimendu denean, "amaitu dute dagoeneko". Antzeko egoeran da Kalezarretik mugitu gabe, etorkizunean auzotarren udal ekipamendua eta Emakumeen Etxearen egoitza nagusia izango den Pelaioenea eraikina ere. "Pelaioenearen estalkiaren obrak apirilaren 1ean hastekoak ziren. Orduan ezin zuten egin, baina aste honetan hasi dira lanean", jakinarazi du Udalak.

Gogoan izan bestalde, Ugartondon eraikitzen ari diren babes ofizialeko etxebizitzen eremuko bidean, konfinamendu aurreko asteetan semaforo batek kudeatzen zuen ibilgailuen joan etorria. Puntapax kaletik Haur Eskolara igotzeko nahiz Pikaola aldetik Puntapax aldera jaisteko bideaz ari gara. Udalak ohartarazi duenez, aipatu pasabide hau hilabetez itxita egongo da obrengatik. Ondorioz, horrek ibilgailuen joan etorria aldaraziko du. "Troiako aldapatik eta Belmonte kaletik bideratuko da trafikoa, bi norabideetan. Bandoa jarriko dute datozen egunetan auzoko etxebizitzetan, auzotarrak jakinaren gainean egon daitezen".