Dantzaren nazioarteko eguna

Konfinamenduak ez zuen Dantza Eguna zapuztu

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 29a, 14:46

Dantzaren Nazioarteko Egunean, Orbeldi Dantza Taldeko partaideak ekarri nahi ditugu gogora. Apirilaren hasieran, konfinamendu betean, etxeko balkoietan eginiko saioak berrikusteko egun aproposa iruditu zaigu. 

"Kalera ezin irten, etxetik ospatuko dugu Dantza Eguna". Esan eta egin. Orbeldi Dantza Taldekoek hainbat ekitaldi antolatu zituzten apirilaren lehen asteburuan. Balkoietan edota etxe barruan dantzan aritzeko hainbat kanta zehaztu zituzten. Saio horiek bideoz grabatzeko proposamena ere luzatu zitzaien herritarrei. Jasotako grabazioekin ondoko bideoa osatu zuten. 

Baloreak ikuskizuna
Apirilaren 4ko saioen emaitza da estekatu dugun ikusentzunezkoa. Biharamunean, Baloreak izeneko kantaren koreografia osatu zuten. “Dantza Taldeko LH 5-6. mailako ikasleek asmatu zuten eta iazko Santo Tomas egunean aurkeztu genuen jendaurrean”. Orbeldi Dantza Taldekoen esanetan, “egun horretan protagonismoa haurrek izan behar zuten eta horrela izatea nahi dugu. Hala ere, etxeko guztiak gonbidatzen ditugu parte hartzera, bakoitzak ahal duen moduan, balkoietan nahiz etxe barruan dantza eginez”. Hemen duzue apirilaren 5eko Baloreak koreografiaren emaitza: