Sortuz, bakardadea isolatuz

Luken Arkarazo: "Emanaldi gordina eta naturala izango da"

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 23a, 09:50

Odolaren Mintzoa taldeko kantaria eta Iñorkiñak taldeko gitarrajolea da. Horretaz gain, saltsa askotan murgilduta dago. Gaur bakarlarien moduan arituko da, gitarra batez lagunduta. "Testuinguruak hala eskatuta, salaketarako eta aldarrirako uneak ere izango dira". 19:00etatik aurrera zuzenean izango da Usurbilgo Artixten txokoan.

NOAUA! Nolakoa izango da eskainiko duzun agerraldia? Zerbait aurreratzerik?
Luken Arkarazo. Kaixo denoi. Emanaldi gordina eta naturala izango da. Urrun gauden hontan, gertukoa izaten saiatuko naiz. Kantautore klasikoaren formatuan, gitarra eta ahotsa. Eta kantautorea lez, nire ibilbidean bakarka edota Odolaren Mintzoarekin sortzen joan naizen abestiak joko ditut. Ez naiz oso iaioa bertsioak egiten, baina bat edo beste eroriko da. Beraz, etxetik goxotasunez entzuteko kontzertua izango da. Testuinguruak hala eskatuta, salaketarako eta aldarrirako uneak ere izango dira. 

Konfinamendua goxatzeko xedez abiatu da ekimena. Eta zuk, nola daramazu egoera hau? 
Luken Arkarazo. Ba uste baino hobeto. "Zortedunen" taldean kokatzen dut neure burua,  lanari dagokionez pandemiaren krisiak oraingoz zuzenean larriki kolpatu ez duen sektore batean egiten dut lan. Eta  horrez gain, ditudan bestelako konpromisoak ez didate aspertzeko astirik uzten. Hau gutxi balitz, film, serie eta liburu zalea naiz, beraz badut zer egin. Ah! Eta gitarra noski. 

 

"Herri komunitatea indartzen ari denaren sentipena dut"


NOAUA! Labur bada ere, zer da konfinamendutik okerren daramazuna? Eta alde onik ikusi badiozu, zein nabarmenduko zenuke?
Luken Arkarazo. Okerren daramadana sozializatzeko ezintasuna, etxekoak ez diren lagun eta familiartekoekin ezin egotea. Eta bestetik, pandemiaren ondotik datorkigun errealitate berriaren erronkei modu egoki batean aurre egin beharrarekin elkarbizitzea.
Eta alde onen artean, gure gizarte ereduak eraman gaituen korrika eta frenesi etengabearen etetea azpimarratuko nuke. Aspalditik zintzilik nituen gaiei heltzeko aukera izan dut. Eta bestetik, herri komunitatea indartzen ari denaren sentipena ere badut. Iluntzero elkarrekin burutzen ditugun txalotzeetan antzematen dut adibidez, jada ez da soilik osasungintzako langileen lanaren goraipatze hutsa. Bada ekimen horretan nolabaiteko elkartasun sentimendu indartsu bat. Denon artean amildegitik behera zijoan itxaropenari loturiko sokatik goruntz tiraka ariko bagina bezala. Sortuz Bakardadea Isolatuz proiektua ere, komunitate sentimendu horren isla gardena da. 

NOAUA! Berez, sortzeko denbora gehiago dago. Dagoeneko kantaren bat sortzeko aukera izan al duzu?
Luken Arkarazo. Ba egia esan, gauza gutxi. Gitarra asko jotzen dut, Atxegaldeko bizilagunekin aritzen gara astean behin, balkoi-kantuan txandaka, Maddi Zuloiaga, Ata Romero eta ni neu. Abestiren bat edo beste idatzi eta egoki dut, baino gauza gutxi.