Sortuz, bakardadea isolatuz

Haurren Eguneko lipdub koloretsu eta musikatua iruditan

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 23a, 11:27

Igandetik aurrera ordubetez atera ahalko duten etxeko txikienek hilabetetik gora konfinatuak segitzen dute, kalera atera ezinik. Erakusten ari diren jarrera eredugarria txalotu, eskertu eta herriko haur zein nerabeak omentzeko Umeen Eguna ospatu zen joan den larunbatean Usurbilen. Lipdub bat grabatu zuen kamioi ibiltari batek; balkoirik balkoi agertzen ziren herritarrak erretaratu zituen. Hemen duzue ikus-entzunezko lana!

Aginagan hasi zuen bidea, Txokoalde, Urdaiaga, Santuenea, Zubieta, Kalezar, Atxegalde eta Kaxkoa zeharkatu zituen bi animatzaileek musikaz giroturiko kamioiak. Iruditan jaso zuten bira osoa; Haritz Arrizabalagak bideoz eta Luis Jambrinak argazkietan. Usurbilgo Udalak Youtuben duen kanalaren bidez argitara eman du emaitza, albiste honi atxikiak dituzuen bi bideo hauetan; batean, herrigunean jasotako irudiak dituzue, bestean auzoetakoak. Guztiak leiho eta balkoietakoak. Azken aldian elkar egoterik izan ez dugunez, herritarrak elkar ikusteko aukera aparta duzue ikus-entzunezko bi lan hauetan.

Lipdub ekimena, joan den larunbatean (apirilak 18) Usurbilen ospatu zen Haurren Egunaren baitan ospatu zen. Hilabetetik gora konfinatuak daramaten etxeko txikienak omentzeko baliatu zen hitzordua. Erakusten ari diren jarrera eredugarria txalotu eta eskertzeko. 

Irria balkoietan
Herriko kale eta plazetatik desagertu den herri bizitza etxeko leiho eta balkoietara nola lekuz aldatu den jabetzeko aukera aparta eskaini zuen ekimen honek. Une zailak bizi arren, etxe atari asko jai giroz mozorrotuak daude eta une zail hauei irri egiten dakiela erakutsi zuen herriak. Egunean zehar, zumba jarduera praktikatzeko aukera izan zen Betisa Carrascoren eskutik; Yolanda Arrieta Malaxetxebarriaren kontaketa saioaz gozatu ahal izan genuen; akrosport irudiak proiektatu ziren... 

Guztia, aipaturiko lagunekin batera, Usurbilgo Udala, Herriko Artixten Taldea, Zirimara, NOAUA!, eragile eta herritar anitzekin elkarlanean.

Albisteko argazkiaren egilea: Lurdes Hueta.