J.L. Zumeta zendu da

Zumetaren sortze prozesuari buruzko "Izenik gabe, 200X133" dokumentala ikusgai gaur ETB-n

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 23a, 17:23

Jose Luis Zumetaren sortze prozesua bertatik bertara ezagutzeko aukera eskaintzen du "Izenik gabe, 200x133" dokumentalak. Bere alaba Monika Zumetak eta Enara Goikoetxeak zuzenduriko ikus-entzunezkoa 2013ko 61. Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten. Urte hartako NOAUA!ren Kulturaldian Sutegin proiektatu zen. Ikus-entzunezkoa bere garaian ikusi gabe geratu bazineten, Euskal Telebistak jakinarazi duenez gaur gauean eskainiko du. 

Ostegun gau honetan (apirilak 23) eskainiko du ETB 1-en eta eitb.eus atarian, gaueko 23:30ean hasita. Ostiral goizeko 10:00etan aldiz, ETB2an ikusi ahal izango da. Ikus-entzunezko lan honetan, lehen aldiz, kamera aurrean erakutsi zuen Jose Luis Zumetak bere sortze prozesu osoa. 

Albiste honi atxikitako bideoan duzue dokumentalaren aurrerapentxo bat. "José Luis Zumeta margolariak desordutan egiten du lan Arribeko (Nafarroa) autobus-garaje zahar batean kokaturiko bere tailerrean. Oraingoan, 200x133 neurriko bi margorekin ari da. Bere asmoa haiek Donostiako suhiltzaileen eraikin zaharrean erakustea da. Lan horien sormen-prozesua da dokumental honen muina. Margolariak lehen aldiz erakutsiko du, kamera baten aurrean, bereizgarri duen barru-barruko sormen prozesu bakana. Grabaketa-taldeak jarraipen trinkoa egingo dio: artistak mihisea eraikitzeko ematen dituen lehen urratsekin hasi, obren sorkuntzarekin jarraitu, eta haien erakusketarekin amaituko da". 

J.L. ZUMETAREN SORTZE PROZESUA
Izenburua: "Izenik gabe, 200X133".
Zuzendariak: Enara Goikoetxea eta Monika Zumeta.
Gidoia: Miren Juaristi eta Monika Zumeta.
Ekoizlea: Iurre Telleria, Pako Ruiz.
Musika: Pascal Gaigne.
Soinua: Martin Guridi, Iñaki Alonso.
Fx: Alvaro Herrero.
Ekoizpena: Sonora Estudios, Moztu Filmak.
Argazkia: Esteban Ramos.
Iraupena: 82 minutu.