Euskaraldia

3. erronka: "Gonbidatuko dugu euskara gure mahaira?"

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 26a, 14:28

"Etxealditik Euskaraldira" igarotzeko ekimen zikloko hirugarren eguna. Gaurkoan, igandea izanik, euskara bazkaritara, gure mahaietara ekartzeko gonbita luzatu digute Tantaka seriako aktoreek.

David Ondars, Idoia Rodriguez, Bidente Vignaud eta Joana Parot Tantaka seriado aktoreek bazkaria eta bazkalondoa geure hizkuntza ohiturez hausnartu eta euskararen erabilera areagotzeko deialdia egin dute albiste honi atxikia izan eta Euskaraldiak argitara eman berri duen bideoan.

Hirugarren erronka eguna du "Etxealditik Euskaraldira" zikloak. Ostiralean euskaraz jolastera gonbidatu gintuzten, atzo "online poteoa" ere hizkuntza berean egitera, eta igandea izanik, gaur aipatu moduan, mahairen bueltan ere euskara ahotan hartzera:

Gonbidatuko dugu euskara gure mahaira?
"Igandeak, familia giroan bazkaltzeko egunak dira, batez ere eliza eta gero, edo besta potolo baten biharamunean. Badakigu ezingo garela elkarte edo aiton-amonen etxera joaten ahalko bazkaltzera baina etxean prestatu dezakegu bazkari ederra eta euskaraz bazkaltzeko baliatu. Egingo dugu gaur saiakera, Euskal Herriko mahai guztietara euskara gehiago eramateko? Gainera bazkal ondoa ere erabili dezakegu gure hizkuntzaren inguruan aritzeko edota euskaraz kantatzeko. Animatzen?". 

Proposamen bat egunero
Ostiral honetan Euskal Herri osora hedatu den ekimenarekin bat egin du Usurbilek ere. Bi helburu bete nahi dira; "etxekoekin eta etxetik ditugun hizkuntza-ohituren gainean pentsaraztea; eta euskararen erabilera sustatzea, horretarako bitartekoak eskainiz". Azaroaren 20tik abenduaren 4ra ospatuko den 2. Euskaraldirako entrenamendu gisa planteatzen dute ariketa hau. 

Guztia prest izateko taula bat osatzea proposatzen digute, egunotan ditugun harremanekin, eta harremanotan baliatzen dugun hizkuntza adieraziz. Gure hizkuntza ohiturak egunez egun eta norekin ditugun zehaztuko duen taula bat osatzea alegia. Diagnosi moduko bat marraztuko dugu hartara. Etxeko balkoi eta leihoetan puntu koloretsu bat jartzera animatzen gaituzte, "Etxealditik Euskaraldira" ekimenean parte hartzera goazela adierazteko. Eta adi, apirilaren 24tik 30era, egunero bideo bidez, ditugun hizkuntza ohiturak finkatzen edo aldatzen eragiteko proposamenak jasoko ditugu.


"Etxealditik Euskaraldira"
Iraupena: apirilak 24-apirilak 30.
Egutegia:
-Apirilak 24-30: hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketak. Egunerokotasunean oinarrituriko zazpi ideia-proposamen, egunero bat.
Informazio gehiagorako:
usurbil.euskaraldia.eus
Facebook: Euskaraldia Usurbil
Twitter: @EuskaraldiaUsur
Instagram: @euskaraldiausurbil