Sortuz, bakardadea isolatuz

Lide Pagola: "Gustuko ditugun kantak abestuko ditugu"

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 1a, 08:53

Usurbilgo Artixten jarraitzaileek hitzordu bat dute gaur Lide eta Norarekin. "Agerraldia oso informala izango da", halaxe adierazi digu Lidek. Eskolako lanak alde batera utzi eta kontzertu bat eskainiko dute arratsaldeko 19:00etatik aurrera.

NOAUA! Nolakoa izango da eskainiko duzun agerraldia? Zerbait aurreratzerik?

Lide Pagola. Agerraldia oso informala izango da, udako gauetan gitarra atera eta burura etortzen zaigun edozein kanta jo eta kantatzen dugunean bezala. Egia esan, ez dugu ez estilo ez talde definiturik hartu erreferentzitzat. Gustuko ditugun kantak abestuko ditugu.

NOAUA! Konfinamendua goxatzeko xedez abiatu da ekimena. Eta zuk, nola daramazu egoera hau?
Lide Pagola. Egia esan, uste genuena baino hobeto daramagu etxean egotearena, eskolako lanek lanpetuta mantentzen gaituztelako. Egoera positiboki ikusten saiatzen ari gara, egunei ahalik eta probetxu handiena ateratzen. 
 
 

Ikasketak eta gozogintza

 
NOAUA! Labur bada ere, zer da konfinamendutik okerren daramazuna? Eta alde onik ikusi badiozu, zein nabarmenduko zenuke?
Lide Pagola. Okerrena daramaguna, dudarik gabe, lagunak eta senitartekoak ez ikustea da. Bestalde, eguraldi ona egiten duenean etxean geratzea ez zaigu oso erakargarria egiten. Hala ere, astea kanpoan igarotzen dudanez, etxekoekin denbora gehiago pasatzeko aukera ari da izaten. Nora berriz, burubelarri dabil gozogintzarekin.

NOAUA! Sortzeko denbora gehiago dago, berez. Dagoeneko kantaren bat sortzeko aukera izan al duzu?
Lide Pagola. Egia esan, ez naiz inoiz kanta sortzaile izan, baina egia da konfinamendurako irtenbide aparta bihurtzen ari dela gitarra jo eta kantatzea. Ea Nora sortzaile ateratzen zaigun!
 
 

Lide eta Noraren zuzenekoa

 

Lide eta Noraren zuzenekoa arratsaldeko 19:00etan hasiko da eta Usurbilgo Artixtak taldearen sare sozialetan entzun ahal izango duzue: 

Facebook: Usurbilgo artixtak 

Instagram: @sortuzbakardadeaisolatuz