Sortuz, bakardadea isolatuz

Manex Torrealdai: "Bertsioak joko ditugu"

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 2a, 08:00

Beste artista batzuen kantak hautatu dituzte "baina ez ditugu trikitixarekin jo izan direnak bilatu". Manex Torrealdaik aitortu digunez, "gustatzen zitzaizkigun abestiak hartu ditugu eta gu moldatu gara horietara". Kattarekin batera arituko da gaur Usurbilgo Artixten sare sozialetan. Kontzertu birtuala arratsaldeko 19:00etan hasiko da.

NOAUA! Nolakoa izango da eskainiko duzuen agerraldia? Zerbait aurreratzerik?
Manex Torrealdai. Bi ahots, gitarra eta trikititxa izango dira protagonista. Denetarik joko dugu. Kanta batzuk orain hilabete batzuk Tolosako komertzio txikien aldeko kontzertu baterako prestatutako kantak izango dira eta besteak konfinamendu garaian jo ditugun kantak. Guztiak bertsioak izango dira baina ez ditugu trikitixarekin jo izan diren kantak bilatu, gustatzen zitzaizkigun abestiak hartu ditugu eta gero gu moldatu gara horietara. Honen emaitza, larunbatean...

NOAUA! Konfinamendua goxatzeko xedez abiatu da ekimena. Eta zuek, nola daramazue egoera hau? 
Manex Torrealdai. Lehen astea izan zen gogorrena niretzat. Zer gertatuko zen ez jakitea ez da erraza, lan kontuetan batez ere. Hau argitzean, beste guztira moldatzen joan gara pixkanaka. Azken urteak estresante xamarrak eduki ditut eta, egia esan, “pause" hau nahiko ondo etorri zait pixka bat lasaitzeko. Lanak kentzen dizkit eguneko ordu gehien, telelanez trikitixa klaseak emateko lan asko egin behar baitut, baina gustura nago.

Denbora librean gitarra asko nabil jotzen, aurten hasi naiz ikasten eta ederki datorkit etxean egote hau aurreratzen joateko, sukaldean ere inoiz baino gusturago nabil, Mendu Astialdi Eskolako lanei ere tartetxo bat bilatu diet, etxeko konponketa guztiak egin ditugu… Ateratzeko gogoz, baina gustura! 

NOAUA! Labur bada ere, zer da konfinamendutik okerren daramazuena? Eta alde onik ikusi badiozue, zein nabarmenduko zenukete?
Manex Torrealdai. Ezin dugula atera pentsatzea. Esan bezala, ez gaude gaizki baina gauza batzuk galerazita edukitze horrek barruan zerbait sortzen dit. 
Alde ona: errutinan sartuta gaudenean, askotan benetan garrantzitsuak diren gauzak dira lehenak alde batera uzten eta konfinamendu garai honetan horiei heldu diogula iruditzen zait. 

NOAUA! Sortzeko denbora gehiago dago, berez. Dagoeneko kantaren bat sortzeko aukera izan al duzue?
Manex Torrealdai. Kanta baten zati bat bakarrik, kar kar kar. Ikasleei eman behar dizkiedan klaseez eta entseguez gain, ez dut ia trikitixarik hartu, orain gitarraren momentuan gustura nago eta instrumentu honekin ez dut oraindik gaitasunik ezer sortzen hasteko. 

 

Katta eta Manex

Katta eta Manexen kontzertua 19:00etan hasiko da eta sare sozial hauetan ikus ahal izango duzue zuzenean:

Facebook: Usurbilgo artixtak 

Instagram: @sortuzbakardadeaisolatuz