Mendu Astialdi Eskola

“Interneten ipini ditugun jolasak adin ezberdineko gazteentzat eginak daude”

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 28a, 13:12

Konfinamendu garaia arintzeko, Mendu Astialdi Eskolakoak ikusentzunezko laburrak partekatzen ari dira sare sozialetan. Lau usurbildar topatu ditugu ekimen honen atzean: Miren Izeta, Beñat Arruti, Jon Imanol Etxabe eta Manex Torrealdai. "Interneten, erdarazko jolasen eskaintza zabala da. Guk eskaintza hori euskaraz sortu nahi dugu", adierazi digute.

NOAUA! Mendu Astialdi Eskolan hainbat usurbildar batu zarete. Noiz eta zein helbururekin elkartu zineten?

Manex Torrealdai. Eskola honen hasiera amaiera batetik etorri zen. Beste eskola batean geunden 20 bat lagun kaleratuak izan ondoren, gure indar eta esperientzia ardatz hartuta eskola bat sortzen hasi ginen. Helburua bertan geneuzkan errealitate eta esperientzia ezberdinekin astialdi munduko esparru ezberdinetan laguntza eskaintzea zen.

 

Zeintzuk dira eskaintzen dituzuen zerbitzuak?

Manex Torrealdai. Eskola bezala, eboluzio bat izan du taldeak. Hasiera batean, begirale eta zuzendari ikastaroak eskaintzen zentratu ginen buru belarri. Zailtasunak zailtasun, paraleloki astialdi taldeei ikastaro ezberdinak ematera jarri ginen, izan jolasen eraldaketen inguruan, izan elikagaien manipulazio ikastaroan; sektorearen beharretara moldatuta. Aurretik esan bezala, esperientzia asko eta ezberdineko jendea dago taldean eta oso ondo ezagutzen ditugu hezkuntza ez formalaren beharrak. Behar horien identifikazioak eman gaitu orain gabiltzan jardunera: azken bi urte hauetan, Interneten euskaraz dauden jolas tutorialen beharra lantzen gabiltza. Erdaraz azaldutako jolasen eskaintza zabala da eta hezkuntza munduan gabiltzanok sarritan ikusi behar izan ditugu bideo horiek. Guk eskaintza hori euskaraz sortu nahi dugu, baina horretaz gain egiten ditugun jolasak ere gure moldaketekin grabatzea gustatzen zaigu. Hau da, betiko jolas bat hartu eta buelta bat eman diogu. Askotan detaile txiki batek jolasa guztiz alda baitezake.

 

Haurrei, gazteei, familia osoari... Nori zuzendua dago zuen eskaintza?

Denetarik dugu. Konfinamendu garai honetan igotzen gabiltzan jolasak adin ezberdinei begira daude zuzenduta eta jolas guztiak etxean ditugun edo egin ditzakegun materialak erabiliz daude pentsatuak. Bestetan, jolas oso ezagun bat hartu eta etxean guk egiteko alternatiba bat eskaini dugu.

 

“Jolasa ahal den laburren azaltzen saiatzen gara”

NOAUA! Gazteak ezin lagunekin batu. Horregatik hasi zarete jolas hauek sare sozialetan zabaltzen?

Manex Torrealdai. Bai. Orain arte lasaitasunez genbiltzan lanean, presa gabe bideoak grabatu eta lantzen, azkenean bakoitzak bere lana du eta hau boluntarioki egiten dugun zerbait baita. Baina konfinamendu egoera hau ikusita gure artean koordinatu eta bideo xumeagoak, agian, baina maiztasun gehiagorekin igotzea erabaki genuen, eta horretan gabiltza.

 

14 bat bideo topatu ditugu zuen youtube kanalean. Tutorial modukoak dira, ezta?

Manex Torrealdai. Hori da, gaur egungo gizartean badirudi minutu batetik pasatzen den bideo bat luzea dela eta horregatik saiatzen gara ahal den laburren jolasa azaltzen. Gero beti testu gehigarri bat jartzen diogu jolasa gehiago azalduz edo aldaera ezberdinak proposatuz. Ahal dugun ondoen esplikatzen saiatzen gara, baina inork zalantzarik badu sare sozialetan Mendu Astialdi Eskola jarri eta edozein galdera, zalantza, proposamen erantzuteko prest gaude.

 

Guraso askoren beldurra hau da: euren haurrak ordu asko igarotzen dituzte online jokoetan, eskuko telefonoari pegatuta.

Manex Torrealdai. Taldeko gehienok egiten dugu haurrekin lan eta errealitate hori oso gertutik bizi dugu. Ez da erraza gaur egun horren aurka egiten, familia ugarik, konfinamendu egoera kontuan izan gabe, ez dute elkarrekin jolasteko astirik hartzen, gure proposamenerako beharrezkoa da hori: Denbora hartu, familian eseri eta jolastu, pantailak alde batera utziaz.

 

“Lau usurbildar gaude bertan lanean”

NOAUA! Arestian aipatu bezala, usurbildar bat baino gehiago dago Mendu Astialdi Eskolan. Dena den, Tolosaldean aritu zarete lanean orain arte, ezta?

Manex Torrealdai: Bai. Hasieran eremu batera mugatu behar genuen, eta Tolosak astialdian duen indarra ikusirik han zentratu ginen. Inguruko herrietan ere ibili gara, baina elkartzeko lekua Tolosa dugu. Orain Internetera zabaltze honekin Euskal Herri osoarentzat eskaintza zabaldu nahi dugu nahiz eta zabalpena ez den erraza gurea bezalako boluntario talde batentzat.

Bertan, momentu hauetan, lau  usurbildar gaude lanean: Miren Izeta, Beñat Arruti, Jon Imanol Etxabe eta ni.