Dantzaren nazioarteko eguna

Dantzarako gonbita, Orbeldi eta Ttipika taldeen eskutik

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 29a, 13:09

Dantza batean aritzeko egun aproposa gaurkoa; tarte bat atera eta gerri buelta mugitzeko ezin une egokiagoa dugu asteazken hau, apirilaren 29a; Dantzaren Nazioarteko Eguna baita. Orbeldi Dantza Taldeak eta Ttipika Dantza Gidatuak taldeko kideek, sare sozialen bidez, ez dute oharkabean pasatzerik utzi nahi izan egun berezi hau.

"Gaur, apirilak 29 Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatzen dugu! Jarrai dezagun dantzan!", luzatu dute gonbita Orbeldi Dantza Taldekoek sare sozialen bidez. "Eutsi dantzan!" izenburupean eta Ion Markel Saez de Urabainen argazkiarekin, albiste honetan beherago duzuen kartela zabaldu dute.

Ttipika Dantza Gidatuak taldeko kideek bestalde, Dantzaren Nazioarteko Eguna erritmo bizi eta alaien bueltan igarotzera animatzen gaituzte. "Gaur Dantzaren Nazioarteko Egunean hemen dantzarako gure proposamenak, egin nahi duzun dantza gurekin! Laster kalean egongo gara guztiok dantzan, dantzatzen duen herria ez baita inoiz hilko. Aaaa gustatzen zaizue “ARGITASUNA” gure kanta berria??". Lotura honetan aurki ditzakezue Ttipikakoen proposamenak:
https://www.facebook.com/Ttipika/