EROskopoa

Maiatzeko eroskopoa

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 6a, 07:27

Puntapaxeko sorginak maiatzerako iragarpenak igorri dizkigu. Barretartiak ipini ditu orakuluaren hitzak paperean eta Ainara Azpiazu Aduriz Axpi marrazkilariak osatu ditu irudiak.

ARIES

Kirola egiten hasteko hilabete aproposa izango duzu hauxe, beraz, prestatu txandala (horrek esan nahi du txandala garbitzeko). Hileko aholkua: Ez, dardotara jolastea ez da kirola egitea.

 

TAURUS

Aurtengo zure urtebetetzea ahaztezina izango da eta festa bat antolatu beharko zenuke baina segurtasun tartea utziz. Hileko aholkua: Abantailak baditu honek; ez dizute belarria gorri-gorri utziko!

 

GEMINI

Zure trebetasun soziala landu beharrean zaude, jendearekin egoten ia ahaztu egin zaizu eta. Hileko gomendioa: Ez, ezin duzu bizi guztia bideodeiekin jarraitu!

 

CANCER

Etxean egindako hainbeste bizkotxo eta ogirekin kilo batzuk hartu dituzu eta kezkatuta zaude. Hileko aholkua:  Lasai egon, behin bakarrik bizi gara eta. Hala ere, fruta gehiago jateak kalterik ez dizu egingo.

 

LEO

Hilabete hau pixka bat triste egongo zara, Sagardo Eguna bertan behera geratu delako. Hileko aholkua: Maiatzaren 24an jantzi baxerritarrez, ireki sagardo botila eta... TXOOOOTX!

 

VIRGO

Adituek diote aspertzea gauza ona dela, baina zuk ez duzu berdina pentsatzen. Eskerrak Usurbilgo Artixtek beti duten emanaldi interesgarri bat. Hileko aholkua: Zergatik ez zara animatzen zu ere zerbait egiten? Malabarak edo...

 

LIBRA

Etxea seme alaben eskulanez beteta daukazu eta dagoeneko ez dakizu zer egin haiekin? Hileko aholkua: Interneten salgai jarri ditzakezu; total, ez dira jabetuko... edo bai?

 

 

SCORPIUS

Inoiz ez zara oso maitekorra izan baina orain besarkada eta muxuak emateko izugarrizko gogoa duzu. Hileko aholkua: Etxekoekin entrenatu zaitezke, edo bestela ispiluaren aurrean jarri eta eman muxuak zure buruari.

 

SAGITARIUS

Aldaketa bat behar duzu zure bizitzan. Orain arte egin ez duzun zerbait egin beharko zenuke, sortzaileagoa. Hileko aholkua: Pentsatu duzu balkoiko DJa izatea? Etorkizun handiko lanbidea izango da, zalantzarik gabe.

 

CAPRICORNIUS

Itxialdian gauza harrigarriak ikasteko aukera izan duzu. Adibidez, azkazalak oso azkar luzatzen zaizkizula. Hileko aholkua: Moztu behingoz Rosaliaren atzapar horiek!

 

AQUARIUS

Azkenean kalera ateratzeko aukera izango duzu eta ezin duzu aukera galdu, baina tamainan. Hileko aholkua: Arratzain, Aginaga, Txokoalde, Sanexteban, Zubieta, Kalexar eta Kaxkoa, denak egun batean egitea, gehitxo izango da...

 

PISCIS

Badira bi hilabete zure bihotzeko azukre koxkorrarekin ez zaudela, eta gaizki pasatzen ari zara. Hileko aholkua: Erosketak egiteko ordu berdinean geratu eta zuen maitasuna erakutsi ezazue yogurten apalean!