Koronabirusa

ERTE berri bat Michelinentzat

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 6a, 11:30

Azken orduotako albistea da hedabideetan. Michelingo zuzendaritzak ERTE berri bat iragarri du estatuko lantegi guztietarako. Baita Hego Euskal Herrian dauden bi plantetarako; Usurbilgoa tartean. Negoziazio eta kontsulten epea zabaltzekoa da egunotan.

Michelinen zuzendaritzak ERTE berri bat negoziatzeko kontsulta epea zabaldu du. Covid19-ak eragindako galerak tarteko, ekoizpen eta antolakuntza arrazoiak argudiatuta eman duela urrats hau ohartarazi du zuzendaritzak. Erabakiak estatu espainiarreko lantegiei eragingo die; honenbestez, baita Hego Euskal Herrikoei, eta zehazki, Usurbilgo plantari.

Hirugarren ERTEa litzateke honakoa; ekoizteko lehengai faltagatik indarrean izan baitzen lehenengoa apirilaren 16tik 30era bitartean zenbait lantegietan, tartean Usurbilgoan. Bigarren batek indarrean segiko du maiatzaren 31ra arte, antolakuntza arrazoiak tarteko beste zenbait plantetan. 

Oraingoan, lantegi guztietan ERTE bakarra aplikatzea proposatzen du zuzendaritzak, covid19-aren eraginez mundu mailako ekonomia geratu delako, eta ondasun eta zerbitzuen eskaeran izan den beherakada nabarmenagatik. 

Honenbestez, egunotan ERTE berri hau negoziatzeko negoziazio eta kontsulten epea zabalduko da. Maiatzerako hainbat egunez lantegiak ixteko asmoa komunikatu du. Horretarako enpresa barruko malgutasun neurriak aplikatzea planteatzen da. Baina CCOO sindikatuak ohartarazi duenez, lan egunen saldo negatiboen poltsak gehiegi haztea eta malgutasun neurriok aplikatzeko sistema kolapsatzea onartezina da. Guztiz salbuespenezkoa den egoera honentzat, guztiz salbuespenezkoa den neurriak hartzea ezinbestekotzat jotzen du.