Senpereko aintzirara gerturatu ezin garenez, Herri Urrats birtuala gaur

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 10a, 09:34

Covid19-ak eragindako egoerak behartuta, udazkenera atzeratu duten Herri Urrats jaialdia gaurkoan telebistaz bizitzeko aukera izango da, Kanaldude katearen bidez.

Maiatzeko bigarren igandea gaur; hilak 10. Herri Urrats ospatzekoa zen Senpereko aintziraren bueltan, baina jakina denez, covid19-aren eraginez ez da ospatzerik izango. Ez ohiko moduan behintzat. Oraingoan etxetik ospatzeko gonbita luzatu digute antolatzaileek. "Pena handiarekin ezin denok Senpereko lakuan elkartu oraingoz!! Baina, igandean, maiatzaren 10a egun berezia izan dadin Kanalduderekin zuzeneko emankizun bat prestatzen ari gara. Birtuala izango da, etxetik jarraitzeko modukoa", iragarri dute.

Hemen igande honetan, 12:00etan hasita, Kanaldudek zuzenean eskainiko duen saio bereziko osagaiak; besteak beste, estreinakoz ikusi ahalko da udazkenean ospatzekoa den edizioko bideoklipa.

Maiatzak 10, igandea
12:00 Hasteko hitz batzuk:
- Herri Urratseko-lehendakaria den Beñat Bidegainek hitza hartuko du, badu zer kontatua.
- Seaskako lehendakaria den Peio Jorajuria elkarrizketatua izanen da, badu zer esana.
- Euskal Herriko Ikastoletako lehendakari den Koldo Tellitu ere mintzatuko da, badu zer elkartu.
- Bertso, musika.
- Gaki Ge Herri Urrats 2020, aurtengo klipa erakutsiko da, lehenengo aldiz ikusiko dugu!!, badugu zerekin gozatu.
-Eta, elkarrekin igandeko emankizunean "txin txin egingo dugu denek elgarrekin". 

Hitzordua zuzenean ikusi ahalko duzue esteka honetan: https://kanaldude.eus/albisteak/439-herri-urrats-etxetik-maiatzaren-10ean-1200tan-zuzenean

Ikastolen jaialdiak udazkenean
Maiatza eta ekaina artean ospatzekoak ziren ikastolen aldeko jaialdiak uda ostera atzeratzea erabaki zuen Ikastolen Elkarteak apirilean. Tartean igande honetan bertan, Senperen egitekoak ziren Herri Urrats. Seaskakoen esanetan, irailean egin asmo dute Herri Urrats. Eta hortik aurrera baita, Bizkaiko Ibilaldia eta Araba Euskaraz. Gogoan izan, Kilometroak urriaren 4an ospatzekoa da Amasa-Villabonan eta Zizurkilen eta Nafarroa Oinez urriaren 18an Lizarran. Aurrerago zehaztekotan dira datak.