Errenta aitorpen mekanizatua aurkezteko aukera, maiatzaren 13tik aurrera

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 11a, 08:00

Asteartetik aurrera txanda eskatu ahalko da. Asteazkenean zabalduko da errenta aitorpena modalitate mekanizatuan aurkezteko epea.

Errenta aitorpena aurrez aurre, ogasuneko bulegoetan aurkezteko aukera zabaldu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. "Konfinamenduaren aparteko neurriaren iraupenari buruzko ziurgabetasun egoera dela eta, aipatutako 132/2020 Foru Aginduan ezarri gabe utzi ziren bai autolikidazioak modalitate mekanizatuan aurkezteko hasierako epea, eta bai autolikidazioen aurkezpen mekanizaturako hitzorduak eskatzeko hasierako eta amaierako epeak, eta horiek guztiak geroago ezartzeko utzi ziren".   

Egoera orain aldatu dela dio Gipuzkoako Foru Aldundiak, astelehen honetako Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. "Gaur egun, ziurgabetasun egoerak konstante bat izaten jarraitzen badu ere, argi dago aurrerapen handiak egin direla koronabirusaren aurka. Koiuntura berri horren aurrean, unea iritsi da ezartzeko zein izango den zergaren autolikidazioa modalitate mekanizatuan aurkezteko hasiera data, eta, orobat, zer epe egongo den aurkezpen modalitate horretan hitzordua eskatzeko".    

Maiatzaren 13tik uztailaren 29ra bideratu ahalko da aitorpen mota hau. Maiatzaren 12tik uztailaren 7ra eskatu ahalko da txanda. Halere, ahal den neurrian, aitorpena Internet bidez tramitatzea eskatu izan du Aldundiak, zergabidea.gipuzkoa.eus ataritik. Kasu honetan ere uztailaren 29ra arte aurkeztu daiteke errenta aitorpena.

Tramitazioa online
Gogoan izan halere, bizi dugun egoera tarteko, tramitazioa on-line egiteko aukera indartu du Foru Aldundiak, zergabidea.gipuzkoa.eus atariaren bidez. Tresna honekin, “autolikidazio proposamena jaitsi, aldatu eta onartu ahal izango da bertatik eta, jaso ez dutenen kasuan, Ogasunak dituen datu fiskalak jaitsi daitezke, hauekin aitorpena osatu eta aurkezteko”. Falta diren datuak eta beharrezko egiaztagiriak eransteko aukera ematen du baita. Ariketa guztiok egiteko B@k kodea beharko da; Ogasunak kode hau etxetik irten gabe eskuratzeko prozedura telematikoa abiarazi du aipatu zergabidea.gipuzkoa.eus atarian. Aitorpena bere kabuz modu honetan aurkeztu ezin duenarentzat jarduera hau beste pertsona bati delegatzeko prozedura errazteko da. Martxan da jada.

Datak
-Autolikidazio proposamenak onartzeko aukera uztailaren 29ra arte. Atari honetan egin daitezke kontsultak: gipuzkoa.eus/ogasuna/proposamena.
-Internet bidezko aitorpena aurkezteko aukera uztailaren 29ra arte.
-Errenta mekanizatua edo aurrez aurrekoa: maiatzaren 13tik uztailaren 29ra (Txanda eskatzeko epea: maiatzak 12-uztailak 7).

Informazio gehiago:
943 113 000 (8:00-20:00 artean autolikidazio proposamenak onartzeko, aldaketekin 8:00-15:00 artean)
labur.eus/ogasuna