Herrian ekoitzi, saldu eta erostearen garrantzia

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 15a, 08:48

Ostiral hau, San Ixidro, baserritarren eguna izango dugu. Maiatzaren 15 zeharo ezberdina ordea, COVID19-ak baldintzaturikoa. Lur lanketan direnei, baserri nahiz baratzeko jarduna ez zaie eten, bai ordea, ekoitzitakoa plazaratzeko aukera. Herrian ekoitzi, saldu eta erostearen garrantzia lerrootan.

 

Mirotz Arrospide

“Nire jardueran dezente eragin du. Nire  bezero gehienak jatetxeak dira”

Santueneko erriberetan duen lursailean dihardu lanean. Bere ogibideari ordea bete-betean eragin dio COVID19-ak. Jakiak ekoizten segi duen arren, “nire lan jardueran dezente eragin du, nire bezero gehienak jatetxeak baitira”. Egoera honen aurrean NOAUA!ri adierazi dionez, alternatibak bilatzera derrigortua egon da. “Generoa saltzeko beste bide bat bilatu beharko dut”. Jatetxeetan saldu ezinik, saltokietan du, baratzean landutakoari irtenbidea bilatzeko bidea. Momentuz, adierazi digunez, “dendetan saltzen ari naiz eta denda gehiago bilatuz gero, udan etorriko den generoari nolabaiteko, hala moduzko irteera bat aurkituko nioke”.

 

PILI ARROIO, ZUGASTI BASERRIA (Zubieta)

"Bi hilabeteko etenaldian babes falta izan duela adierazi digu"

 

Pili Arroio

“Saldu ezinik egon gara bi hilabetez”

Ez du etenik izan etxeko jardunean, baina Zubietako Zugasti baserriko Pili Arroiok bi hilabete eman ditu ekoiztutakoa saldu ezinik. Etxeko produktuak Lasarte-Oriako azokan merkaturatu ohi ditu astean bitan. “Baina martxoa hasieran debekatu egin ziguten, gure produktuak saldu ezinik egon gara bi hilabetez”, adierazi zion NOAUA!k elkarrizketatu zuenean.  Ordutik, ekoitzitakoa ezin saldu, jendaurreko salmenta posturik ezin jarri, baina “postua ordaindu behar”. Eta bitartean, etxean ekoitzitakoa “alferrik galtzen”. Pilik aipatu digunez, egia da “garai hauetan ez da asko ekoizten, baina beti dagoena galtzen ari gara”.  Patata, ardi nahiz behi esnea, zerbak, letxugak, azenarioak, arrautzak… “Hori guztia ezin saldu”.

Maiatza hasieran itzuli zen Lasarteko postua jartzera, baina bi hilabeteko etenaldian babes falta izan duela agertu du; bizitako egoeraz galdezka ibili arren, informazio eta argibide falta. Bizi dugun osasun larrialdi egoera honetan, kezka du ez bakarrik birusa eragiten ari denagatik eta horrek ekar ditzakeen ondorioengatik. Etxe ondoan, gain gainean duten kea darion erraustegiagatik baita. “Kirats handia etortzen da une batzuetan. Kirats hori hala etortzea ona ez da gure airearentzat”, adierazi du kezkatuta. Agintariek “baserritarrak laguntzeari baino” erraustegia, AHT-a eta antzeko proiektu erraldoiak sustatzeari garrantzia handiagoa ematen dietela dio.

 

Koldo Huegun

"Gure lana ikusarazteko balio izan du”

Baserri barruko lana ez zaio eten, Lumagorri oilaskoen hazkuntzan lan egiten duen Koldo Hueguni. “Bi astez geldirik egon ginenean lana pilatu egin zen” eta orain lan karga horri aurre egiten ari da. COVID19-ak eragindako kalteez gain, kakotsa artean aipatu digu “on” egin diela bizi dugun egoerak, “baserritarrak hor gaudela aipatzeko eta gure lana ikusarazteko”. Banatzaile handien jarduna kolokan geratu denean, komertzio txikiek bertako produktuen aldeko apustua egin dute, eta kontsumitzaileak ere tokiko elikagaiak kontsumitzera bultzatu ditu egoerak. “Bezero, erosle gisa gure kontzientzia piztu egin du”, adierazi digu Huegunek.

Egoera honek zenbat iraungo duen ezin jakin noski, “seguru asko orain arte irabazi dugun bezeroen %80a berriz ere banatzaile handien esku geratuko da, baina %20a irabazia izango dugu”. Eta halere, ezingo dute merkatu osora heldu. Huegunek aipatu duenez, “ez gara iristen hemen kontsumitzen den %5era ere”.

 

“Gazteei eman aukera bat”

Horregatik argi dio, “baserritarron artean esperantza piztu eta kontsumitzaileen aldetik kontzientzia piztu dadila”. Hartara, bertan ekoitzi eta bertako produktuak erosita, “sortuko dira baserritar eta enpresa berriak”. Bizi dugun egoera zail honetan, etorkizunerako alternatiba marrazten du; “hainbeste langabezia eta lurrak geldirik ditugun garaian, gure gazteei eman aukera bat. Egin hemengoa kontsumitzeko hautua eta enplegua sortuko du horrek”.  Baserritarren Egunari begira, mezu hau du Koldo Huegunek: “Animatzeko jendeari hemen gaudela. Une txar hau igarotzean ere baserritarrez gogoratzeko”.