Maiatzaren 23 eta 27an

Usurbilgo Lanbide Eskolak internet bidezko bi bisita gidatu antolatu ditu

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 15a, 09:23
Administratiboko gela berrituak Ethazi metodologiarekin lan egiteko prestatuak daude.

Usurbilgo Lanbide Eskolak urtero antolatzen ditu ate irekien jardunaldiak. Birusak ekarri duen egoerak hala behartuta, modu telematikoan egingo dituzte maiatzeko bisita gidatuak. “Bigarren fasera pasatzen bagara maiatzaren 27an, aukera egon daiteke talde txikitan zerbait antolatzeko”, azaldu digute. Bien bitartean, lhusurbil.eus web orrialdean izango duzue bisita gidatuan parte hartzeko aukera.

NOAUA! COVID-19 birusaren ondorioz, ate irekien jardunaldiak ‘online’ izango dira halabeharrez. Interesa duenak, zer egin behar du? 

Usurbilgo Lanbide Eskola. Urtero antolatzen ditugu ate irekien hiru saio. Aurten, lehenengo aldiz otsailean egin genuen horietako bat eta beste biak maiatzerako utzi genituen. Orain COVID-19a dela eta, ezin izango ditugu beti bezala egin. Jarri ditugun datak maiatzak 23 eta 27 izan dira, ahal zen beranduen, ea horrela modu presentzialean egiteko aukera dugun. Baina zaila ikusten dugu. Agian bigarren fasera pasatzen bagara maiatzaren 27an, aukera egon daiteke talde txikitan zerbait antolatzeko. Ikusi egin beharko da. Dena dela, modu telematikoan egiteko gure web orrialdetik izango da sarbidea. Han jarriko dugu lotura bat, klik bat bakarrik eginez, erraz konektatzeko.

Gomendio bat: ate irekien saioetan parte hartu baino lehen, komeni da izena ematea gure web orrialdean. Bisita birtualaren estekarekin izena emateko formulario bat dago. Ez da derrigorrezkoa baino guretzako abantaila da, taldeak hobeto antolatzeko.

 

MAIATZAK 23 ETA 27, BISITA GIDATUAK ONLINE

“Bakoitzak aukeratu duen espezialitateko irakasleekin zuzenean hitz egiteko aukera izango du eta horrela zalantza guztiak argitu”

Nolakoa izango da bisita?

Bakoitzak aukeratu duen espezialitateko irakasleekin zuzenean hitz egiteko aukera izango du eta horrela zalantza guztiak argitu. Nahi duen guztiarentzat duela astebete web orrian jarrita daukagu bisita birtuala egiteko aukera. Espezialitate bakoitzeko bideoak daude ikusgai, instalazioak eta zikloak ezagutu ahal izateko.

Ahal bezain laster bisita presentzialak eskainiko ditugu. Bakarka edo talde txikiak antolatuz, beti ere aurretik zita emanez. Hori ate irekien egunetan ere azalduko dugu.

 

Zein da Usurbilgo Lanbide Eskolaren eskaintza akademikoa?   

Erdi eta goi mailako zikloak eskaintzen ditugu, euskaraz eta erdaraz, eta goi mailakoetan parte bat ingelesez egin daiteke. Gure zikloak espezialitate hauetakoak dira: Administratiboa, Elektrizitatea eta elektronika, Mekanika,  Mantenimendua, Energia eta ura.

 

Usurbilgo Lanbide Eskola: “Izen-ematea ekainaren lehen hamabostaldian izaten da. Eta izena ematen ez duenak ezin du gero matrikula egin”

NOAUA! Maiatzaren 23an eta 27an egingo dira ate irekien jardunaldiak. Dena den, matrikulazio kanpaina noiz irekiko da?

Usurbilgo Lanbide Eskola. Ba oraindik izena emateko eta matrikulaziorako epeak ez daude ezarrita. Normalki izen-ematea (aurrematrikula) ekainaren lehenengo hamabostaldian izaten da. Azpimarratu nahi nuke fase hau oso garrantzitsua dela. Iaztik arautegia aldatu zen eta izena ematen ez duenak ezin du gero matrikula egin.

Beraz, ezinbestekoa da ekainean izena ematea eta gainera ikasleek kontu handiarekin egin behar dute, zerrendatu egin behar dituzte beraien lehentasunen arabera zein espezialitate eta zein ikastetxeetan egin nahi duten. Epea amaitu ondoren Hezkuntza Sailak ateratzen ditu onartuen zerrendak. Ondoren uztailean izaten da matrikulazio garaia, normalki hilaren erdi aldera.

Aurten ez dakigu data horiek beti bezala izango diren edo aldatu daitezkeen. Pentsatzen dugu ekainekoa mantenduko dutela beti bezala eta agian uztailekoa zerbait atzeratu daiteke.