“Gidabaimena ateratzerakoan euskarari lehentasuna emango niola argi nuen”

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 19a, 20:38

Urte garai honetan Buruntzaldeko udalek 18 urte bete dituzten gazteei gidabaimena euskaraz ateratzeko gonbita luzatuz, gutuna helarazi ohi diete. Atal teorikoa euskaraz prestatzeko aukera eskaintzen dute eskualdeko hainbat autoeskolek eta gidabaimena ateratzen dutenen artean urtero 400 euroko ordainsari bat zozketatzen dute. Iazko sarituaren hitzak dituzue lerrootan; Imanol Furundarena gaztearenak.

NOAUA! Zergatik hautatu zenuen euskara gidabaimena ateratzeko?

Imanol Furundarena: Gidabaimena ateratzerakoan euskarari lehentasuna emango niola argi nuen, euskarazko eta erdarazko bi aukerak egonda beti erdarara jotzen badugu, euskarazko aukera galtzen joango delako. Aldi berean ere nahiago nuen prestakuntza euskaraz jasotzea, nire euskara bera edo nire formakuntza aberasteko.

 

Egitasmo honen berri nola jaso zenuen?

Gehienbat koadrilakoen bidez. Adin ezberdinetakoak gaude, ni baino urtebete zaharragoak lehenago hasi ziren ateratzen eta orduan eman zidaten egitasmo honen berri; euskaraz edo erdaraz ateratzeko aukera zegoela, eta nire koadrilako gehienek euskara hautatu zuten.

IMANOL FURUNDARENA

“Material guztia euskaraz dago.

Niri ez dit aparteko zailtasunik eragin”

Euskara nola dago txertatua arlo honetan?

Material guztia euskaraz dago. Hitz batzuk euskarara itzuli behar dira, ahalik eta egokien ulertu eta hoberen erantzuteko. Halere niri ez dit aparteko zailtasunik eragin.

 

Alderdi praktikoarekin etorri ohi da aldaketa. Teorikoa hizkuntza batean prestatu eta praktikoa beste batean atera beharra.

Alde nabaria dago niretzat behintzat. Askoz errazago moldatzen naiz euskaraz erdaraz baino. Arlo teorikoa euskaraz landuta, zati praktikoan nire kasuan adibidez, irakasleak erdaraz hitz egiten zuen nirekin. Azterketako irakasle guztiak egokitu zitzaizkidanak erdaldunak ziren. Halere, praktikoko irakaslea euskalduna baldin baduzu, gazteleraz irakastea eskatu behar diozu. Bestela azterketa egunera iritsi eta aztertzaileak esango dizun moduan egoera bideratzen ez dakizu. Irakasleek eta aztertzaileek aldatu beharko lukete hizkuntza. Azterketa egunean ez duzu konfiantza atzean doan aztertzailearekin. Zure hizkuntzan ez badizu hitz egiten, ez dugu segurtasun propiorik eta presioa eragiten du azterketa unean.

Dena kate bat da eta kate horretan hizkuntzak berebiziko garrantzia du, beste arlo askotan bezala.

 

Hazten doa gidabaimena euskaraz ateratzeko hautua egiten zoaztenon kopurua. Zuen inguruan ere nabari duzue hau?

Nire inguruan bada gidabaimena euskaraz ateratzeko iniziatiba, euskararen aldeko kontzientzia hori garbi dugulako, bestela desagertu egingo delako. Nire inguruan gidabaimena erdaraz ateratzea baldintzatzen duen bakarra, aurrez mekanika munduko formazioa erdaraz jaso dutenen kasua da. Bestela, euskaraz ateratzeko iniziatiba bada. 

 

“Jendea gida-baimena euskaraz ateratzera animatu nahi dut”

NOAUA! Beste motibazioa, pizgarria, atal teorikoa euskaraz prestatu eta gainditzeagatik jaso daitekeen ordainsaria.

Imanol Furundarena. Bai dudarik gabe. Ilusio berezia egin zidan udaletxetik deitu zidatenean. Gehienbat komentatzen ari garenaren inguruan; zer garrantzitsua den kontzientziatzea gure inguruan gidabaimena euskaraz ateratzea. Bestela beti erdarara joko dugulako eta euskara pixkanaka desagertzen joango delako. Bestalde ere asko kostatzen da.

 

Gidabaimena zertarako zaizu baliagarria?

Jada adin batetik aurrera, zure egunerokotasunean gauza berriak sortzen doaz. Inoiz ez dakizu zer tokatuko zaizun, alde batean edo bestean. Nire helburua gidabaimena ahalik eta azkarren ateratzea zen, etorkizunean zerbait ateratzen bazait eta une horretan autoa behar badut gidabaimena izan eta erronka horri aurre egiteko prest egoteko.

 

Zalantzan dagoenari gidabaimena zer hizkuntzatan atera, zer aholkatuko zenioke?

Dudarik gabe euskaraz ateratzera animatuko nuke, zati teorikoa euskaraz egiten ari garen unean, nik uste denok sentitzen dugulako euskaraz ateratzeko ilusioa, eta aldi berean hazkunde hori igotzen doan heinean. Orain esan dudanagatik, animatzen dut jendea gidabaimena euskaraz ateratzera, erdarazko aukera beti egongo da eta hor. Euskarazkoa agian ez ordea.