Jokoak auzo eta herrietan eta bereziki gazteengan duen eraginaz, joko aretoen aurreko mobilizazioa nola artikulatu, jokoaren aurkako borroka zein testuingurutan kokatzen den eta zeintzuk diren hurrengo urratsak, gaiok izan zituen hizpide, Aztarrika Usurbilgo Gazte Asanbladak maiatzaren 16an antolaturiko hitzaldi telematikoak. Jokoaren eta joko aretoen inguruko solasaldian parte hartu zuten Hodei Aranguren eta Mikel Suso, Ernaiko militanteek.
Hitzordu honekin borobildu du Aztarrika Gazte Asanbladak, konfinamendu hilabeteotan indarrean izan duen Bloke Gorria formazio zikloa. Hitzaldi telematiko haren emisioa osorik duzue albiste honi atxikitako bideoan.
Formazio zikloa konfinamenduan
"Langileen borroka Euskal Herrian", desobedientzia zibila, gazte prekarietatea eta apustu etxeak hizpide izan dituen Bloke Gorria formazio saioa antolatu du konfinamendu asteotan Aztarrika Usurbilgo Gazte Asanbladak.
Asteroko dinamikak hiru hitzordu izan ditu: astelehenetan, gaiari lotutako bideo laburra plazaratzea; asteazkenetan gaiaren inguruko testua argitaratzea; ostiraletan, gaiaren inguruko dokumentalaren proiekzioa.
Drive ireki baten bitartez, formazio hauen inguruko informazioa eskaini dute lotura honetan: https://docs.google.com/document/d/17c6VIb2SPbY5TkZAU869BtyRkMXBG3iEk5bc3wUGCbA/edit?usp=drivesdk