Koronabirusa

Covid19-ak gazteengan izandako eragina aztergai

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 20a, 11:01

Usurbilgo gazte mugimenduak inkesta bat prestatu du 14-30 urte arteko gazteentzat. Covid19-aren ondorioz bizi dugun egoerak orohar zer nolako eragina izaten ari den jakin nahi dute.

"Usurbilgo Gazte Mugimenduko eragileek osatutako inkesta duzue hemen: zuen erantzunekin COVID-19ak herriko gazteengan duen eraginaren lanketa martxan jarriko dugu! Animo eta eutsi horri!", iragarri du Usurbilgo gazte mugimenduak sare sozialen bidez.

14-30 urte arteko gazteei zuzenduriko inkesta prestatu dute. Parte hartzaileen profila osatu nahi dute lehenik; adina, bizilekua, ikaslea edo diru sarreradun lan jarduera batean ari den...

Atal ezberdinez osaturiko inkesta da honakoa. Osasun arloari dagokionez, konfinamenduak arazorik eragin duen jakin nahi dute; "antsietatea, estresa, depresioa... Etxetik ateratzeko beldurra edo arriskurik sentitu ote duzun".

Etxeko nahi etxetik izandako hartuemanak
Harremanek tarte nabarmena dute galdetegi honetan. Bai etxekoek, baita etxetik izandako hartuemanek ere. Bizileku barrukoei dagokienez, pisukideekin seguru sentitzen ote diren, generaroaren ikuspegitik beharrak ere modu parekidean banatzen ote diren jakin nahi lukete.

Etxeko zaintza lanetan eragindako aldaketak baloratzea ere proposatzen dute. Oinarrizko lanpostuetatik zaintza lantzat zeintzuk jo daitezkeen ere hautatu daiteke; osasun saileko langileak, kutxazainak, postariak, garbitzaileak, menpekotasuna duten pertsonen zaintzaileak, irakasleak, rider-ak... 

Zaintza lanetan ari direnak gehiago ote diren emakumezkoak, eta ia behar beste baliabide izan ote dituzten. Krisialdi honek balioko ote digun zaintza lanekiko dugun pertzepzio soziala aldatzeko. 

Etxe barruko harremanez soilik ez, oro har konfinamenduan zehar izandako bizitza sozialaz ere galdetzen dute; zenbateraino aldatu eta nola mantendu diren harremanak, harreman sozialekiko pertzepzioa aldatu ote den, komunitate izaera edo herritarren arteko elkartasuna areagotu ote den, eta aurrera begira zenbateraino aldatuko diren harremanok. 

Usurbilen sortu den zaintza sareaz ere galdetzen dute. Ia galdetegia betetzen ari dena zaintza sarean parte hartzen ari den, nola baloratzen duen Usurbilgo zaintza sarea, saretze honek aurrera begira jarraipena izatea merezi ote duen.

Kultur arloari ere erreparatzen dio inkestak; zehazki, Usurbilgo sortzaileek itxialdian zehar plazaratu duten eskaintza telematikoaren balorazioa jaso nahi dute. Kultur dinamika hau egunerokotasunari aurre egiteko lagungarria izan ote den galdetzen dute. Ia sortzaileok ezagutzera emateko "plaza egonkor" bat izatearen aldekoak diren. Arlo honi begirako proposamenak egiteko aukera dago baita.

Ikasleentzat
Inkestan parte hartzen duena ikaslea bada, berari egokitutako hezkuntza gaiei lotutako galderak erantzun ditzake; zer moduz moldatu ahal izan duten online bidezko klaseekin, arazorik izan ote duten ulermen edota baliabide aldetik, irakasleen inplikazioa nolakoa izan den. Lan karga eta ebaluazio irizpideak dira galderon jomuga baita.

Selektibitatearen kudeaketa egokitzat jotzen duten, ikasle zaintza sarea lagungarria izan ote den, eta halako saretzeek jarraipena izatea merezi duten ere bai. 

Diru sarreradun langileentzat
Enplegatuak dauden gazteei buruzko atal zehatz bat dago. Ia konfinamendu honetan, lan edota soldata murrizketa edo etenaldirik izan ote den, ERTE bat aplikatu ote zaion, epe luzerako lanik gabe egoteko arriskua aurreikusten ote duen edota lan mundua nola ikusten duen, kutsatzeko arriskua izan arren lantokira joatea behartua sentitu ote den, eta lan jarduna beharrezko segurtasun mailarekin burutu den.

Lana aurkitzeko zailtasunak eragingo ote dizkion krisialdi honek ere, hori ere jakin nahi lukete. Etxebizitza, alokairua edo hipoteka ordaintzeko laguntzaren bat jaso ote duen, jasotako diru sarreratik zenbateko zatia bideratzen duen bizilekua ordaintzera... 

Etxea aurkitu edo emantzipatzeko zailtasunak eragingo ote dituen edo emantzipatze proiektua alboratu beharrean aurkituko den.

Aurreko eta egungo krisialdiaren kudeaketaz
Hausnarketarako: 2008ko krisiaren ondorioz, gazteria izan ote zen sektore kaltetuenetako bat, orango krisialdiaren ondorioz ere kolektibo bera izango ote den kaltetuenetako... 

Agintariak herritar eta gazteon kontrola handitzeko baliatzen ari ote diren egoera galdetzen dute, konfinamendu honen berri nondik jasotzen ari diren.

Eta erakundeen kudeaketa baloratzea eskatzen dute; Udalarena, Eusko Jaurlaritzarena eta Espainiako Gobernuarena. 

Inkesta esteka honetan sartuta osatu daiteke: https://docs.google.com/forms/d/e/1FAIpQLSe9mID2wwH2a_KY3YiZBdTYco7hUaSSmslVcje7mZugmOD1Hw/viewform