Zumeta, Zabala eta Ameztoyren margolana, ekainaren 1etik aurrera ikusgai berriz

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 21a, 09:38

Covid19-aren eraginez itxita egon diren museoak irekitzen hastekoak dira berriz ekainaren 1etik aurrera. Tartean Bilboko Arte Ederren Museoa. Besteak beste, konfinamendu garai honen aurretik ikusgai zen Vicente Ameztoyren atzera begirakoa programatua dute. Erakusketa honetan, Ameztoyk, Arrastaluk eta Zumetak elkarlanean sortutako margolana ikusi ahal izango duzue, probintzien arteko mugikortasuna baimentzen den egunetik aurrera.

Aipatu moduan, ekainaren 1ean zabalduko dute berriz Bilboko Arte Ederren Museoa, besteak beste, konfinamendu garai honen aurretik bisita zitekeen Vicente Ameztoy (Donostia, 1946-2001) margolariari buruzko atzera begirakoarekin. Probintzia arteko mugikortasuna baimentzen dutenean, Usurbili lotutako sortze lan ederra aurkituko duzue erakusketa honetan; Ameztoyk berak, Karlos Zabala eta zendu berri den Jose Luis Zumetarekin batera landu zutena; Lemoizko zentral nuklearra hizpide zuena. Duela aste gutxi eskaini zizkigun aipatu margolanaren xehetasunak Karlos Zabalak berak, NOAUA!ri eskainitako elkarrizketan. Albiste honetan beherago duzue. 

Aipatu moduan, probintzia arteko mugikortasuna baimentzen denean, ordutegi honetan bisitatu ahalko duzue aipatu erakusketa irailaren 13ra arte:
-Ekainean: 11:00-14:00 / 16:00-19:00.
-Uztailean eta abuztuan: 11:00-19:00.

Erakusketari buruzko informazio gehiago hemen: Bilboko Arte Ederren Museoa.

Karlos Zabala: “Bihotzarekin margotzen zuen Jose Luisek
Karlos Zabala eta Jose Luis Zumeta dituzue ondoko irudian. VIcente Ameztoyrekin batera hirurek sortutako mural historiko baten parean. Zabalak eskaini dizkigu xehetasunak, Zumeta zendu berri den honetan.

1989an sortu zenuten muralaren alboan zaudete ondoko argazkian, Jose Luis Zumeta eta zu. Aurkeiztuiguzu artelana.
Karlos Zabala: 
Lemoizko zentral nuklearraren aurkako jaialdi erraldoi bat antolatu zen Bilboko erakustazokan. Une hartako musika talde piloak parte hartu zuen, diska bat ere grabatu zen, besteak beste emazte Amaia Kasasolak parte hartu zuen. Bitartean, Zumetak, Ameztoyk eta hirurok bi egunean zehar mural hori margotu genuen. Ekitaldi oso hunkigarria izan zen.

Mural horretan zer islatu nahi izan zenuten?
Une hartan Lemoizen zentral nuklearra eraikitzeko zeuden interes handiak islatu nahi genituen. Villabonan Vicente Ameztoyren etxean bildu ginen. Bozetotxo bat egin genuen, bakoitzak bere estiloan; Jose Luisek pertsonaiak sortu zituen. Ameztoyk mahaia bere estiloko paisai idiliko bat bezala marraztu zuen. Erdian suge borroka hori, gizon txikien borroka botere handiaren aurka islatu nahi genuen. Ze gutxi garen, baina azkenean lortu genuen Lemoiz gelditzea gutxienez.

Ahaztua dugula dirudi baina herriaren izugarrizko garaipena izan zen?
Oso potentea izan zen. Aztarnak hor daude oraindik, haiekin zer egin oraindik ez dute asmatu. Sustatzaileengatik balitz, gaur egun zentral nuklear bat izango genuen. Jendea bidean gelditu zen, hildakoak ere izan ziren bi aldeetatik. Oso gogorra.

Bilboko Arte Ederren museoan zen, konfinamedua heldu zenean. Margolan honek zer bide egin du urteotan?
Pieza ezberdinak zituenez, desmuntatu eta gorde egin zen. Bilboko erakustazokan egon zen lehenik, handik Gerediaga elkartera eraman zutela uste dut. Zer egin erabakitzen arituta, Bilboko Gezia Gladys del Estal fundazioak berreskuratu, muntatu eta Otxandiora eraman zuten. Gerra ondoko historia jasotzeko egiten ari diren ahaleginean, mural horrekiko interesa zuten. Ikastola ondoko pabilioi batean txukun muntatu eta Jose Luisek ukitu batzuk eman zizkion. Bertan zela, gestio bat egin zen Bilboko Arte Ederren museoarekin. Obretan dira baina toki berezi bat egin asmo diote. Bizi dugun egoeraren aurretik, Vicente Ameztoyren artelanen erakusketan zegoen.

Ordukoa da zuen hiruron argazkia. Irudiko egileetako bat falta da orain. Nola bizitzen ari zara Zumetaren heriotza?
Zumeta oso emankorra izan da gizartearekin, bai kideekin eta bai arte mailan. Oso emankorra, eta bere lana oso zabala da. Oso gauza gutxi utzi zuen egin gabe. Alde horretatik, lasai joango zela uste dut. Oso langilea izan zen beti. Baina niretzat mingarriena, pertsona joan zaigula. Errepikaezina da, bihotz handikoa, emankorra eta fidela. Asko maitatu izan dugu. Oso eskuzabala zen. Hasten ari zirenei laguntzen beti. Niri ere lagundu zidan. Hondarribian bizi zela ezagutu nuen. Han elkartzen ziren Oteiza, Basterretxea, Chillida, Sistiaga, Remigio Mendiburu… Nik han ezagutu nituen denak, bereziki Jose Luis. Profesional gisa, nire aurreneko lan serioa bere eskuetatik heldu zen. Jai areto baterako berak egin zuen dekorazioa. Koadro serie bat sortzea eskatu zidan. Nire anaia Ez Dok Amairuko kidea zen, Zumetak eta biek elkarrekin lan egin zuten. Ez Dok Amairuren kartela bien artean egin zuten. Une hartan ezagutu nuen eta harrez geroztik anaien moduko hartueman estua izan dugu.

Elkarlanerako aukera gehiago izango zenituzten gerora.
Elkarrekin egin genuen beti zerbaiten alde, ikastolen alde… Gizarte mailan oso aktiboa izan zen bera, oso konprometitua.

Zumetaren sortze lanetatik zer berezitasun nabarmenduko zenituzke?
Bihotzarekin margotzen zuen, freskura handia zuten bere lanek eta oso espontaneoa izan da. Garrantzia eman gabe azken emaitzari.

Nola oroitu behar genuke?
Niretzat bere xarma pertsonalaz, bere eskuzabaltasunaz oroitu behar genuke. Une honetan tristura handia dut. Bat batean izan da, gogorra izan da. Une honetan gainera ezin dugu familiarekin elkartu, ezin berari omenalditxo bat egin.

Datorren sortze lana, omenaldia prestatzen joatea izan liteke?
Merezi du. Omenaldi handi bat merezi du. Beti Usurbilekin joan da mundu osoan zehar, enbaxadore ona izan da. Bere erreferentzia beti Txokoalde izan da, taberna ingurua. Amaia eta biok ezkondu ginenean afaria Txokoalden egin genuen. Zumeta jatetxea itxi zuten eta han bildu ginen Artze anaiak, Jose Luis, Mikel Laboa, Txomin Artola… Festa handia izan zen. Handik urtebetera etorri ginen Txokoalde ondora bizitzera. Zumeta sendiarekin harreman ona izan dugu beti. Maitagarriak dira.

Egun zertan zabiltza?
ETBrekin amaitu nuen, urte dezente lan egin nuen. Nire lan txikiekin jarraitzen dut, zeramikako proiektu batzuk egin ditugu. Idazten ari naiz baita. Jose Luisek ere izan zuen bolada bat, oso ona izan zen.