Konfinamendua hizpide

Imanol Txapartegi, Aginaga: “Jende asko bertan geratu zen krisiaren lehen asteetan”

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 22a, 08:47

Jatetxe batzuk etxera eramateko zerbitzua jarri dute martxan, kafetegiek terrazak zabaldu dituzte, sagardotegi batzuk etxez etxe ari dira sagardoa banatzen, tabernariak ekainean dira lanean hastekoak... Konfinamenduan zehar ordea, badira saltokiko atea egunero zabaltzeko aukera izan dutenak. Horien artean da Aginagako Txapartegi harategia.

NOAUA! Aginagan zabalik dagoen denda bakarra da zuena.

Imanol Txapartegi. Hala da, bai.

 

Harategia izateaz gain, bestelakoak ere saltzen dituzu. Fruta, barazkiak, garbikariak...

Denetatik pixka bat dugu.

 

Konfinamendua hasi zenean, jendeak ezin zuen herritik atera. Horrek eragina izango zuen zuen jardunean. Lan gehiago egin al duzue bi hilabeteotan?

Lehen boladan bai, dezente handitu zen lana.  Saltoki handietara ez joateagatik, jende asko bertan geratu zen. Lehen bi edo hiru asteetan nabaritu zen.

IMANOL TXAPARTEGI

“Bezero bakoitza atenditu eta gero, eskuak garbitu behar. Azkenean, gauza bera egiteko denbora gehiago behar da orain”

Segurtasun neurri bereziak ezarri ziren. Hemen, bezeroek banan bana sartu behar dute.

Hau dena hasi zenean, merkatari elkartekoak Usurbilen batu ginen eta neurri batzuk hartzea erabaki genuen. Gure kasuan, bezeroak banan bana hartzen ditugu.

 

Tarteka ilarak sortuko dira denda atarian, ezta?

Bai, larunbatetan gehienbat. Eta bereziki lehen bi asteetan. 14:00etan ixten dut baina 15:00ak arte geratu izan naiz jendea atenditzen.

Dena den, lan berbera egiteko denbora gehiago behar duzu orain. Bezero bakoitza atenditu eta gero eskuak garbitu behar...

 

Neurri hauetara ez geunden ohituta. Jendeak nola erantzun du?

Orokorrean ondo erantzun du jendeak. Bakarren bat beti dago “mugitu, azkarrago”, itxaron behar izan duelako.  Baina ondo moldatu gara. Auzo bat izanda, hemen jendeak lasaiago hartzen ditu gauzak. Ez da beste toki batzuetan eman den jende pilaketarik izan.

 

“Gauzak lehengora bueltatzen ari dira orain”

NOAUA! Krisi hau amaitzen denean, batzuk diote bertakoa eta gertukoa gehiago baloratuko dugula. Ados al zaude?

Imanol Txapartegi. Hasieran pentsatzen nuen baietz, hala izango zela. Baina gauzak “normalizatzen” hasi diren heinean, jendea lehengo ohituretara bueltatzen ari dela iruditzen zait. Hasieran bai, krisiaren hasieran aurpegi berriak ikusten zenituen hemen. Baina  horiek pixkanaka desagertzen ari dira berriz.

 

Aginagan bizi arren, batzuk ez ziren zuregana etortzen. COVID-19 birusak eragindako krisiaren ondorioz, baten bat hurbilduko zen zure dendara lehen aldiz.

Egun batzuetan azaldu zen, baina gauzak lehengora bueltatzen ari dira orain. Beraz, aurrera begira ez dut aldaketa handirik ikusten.

 

Gainontzeko saltokietan bezala, hemen ere antzeko psikosia bizi izan al zenuten komuneko paperarekin edo legamiarekin?

Bai, bai! Baten bat legamia erostera etorri, argazkia atera eta whatsapp bidez “legamia topatu dut!” zabaldu ere bai.