39. Sagardo Eguna

39. Sagardo Egun hau balkoitik txotx eginez ospatuko dugu

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 24a, 09:27

39. Sagardo Eguna gaur (maiatzak 24) Usurbilen! Osasun krisialdia tarteko ordea, plazan ez, etxeko balkoitik ospatu beharko dugu aurten. Atondu balkoiak, hartu sagardo botila eta egin txotx 11:00etatik aurrera! Eta gero, ospakizun unea iruditan jaso eta partekatu!

Usurbildarron urteko egun bereziena heldu da; 39. Sagardo Eguna! Baina esan beharrik ez, aurtengo edizioa ezingo da ohiko baldintzetan ospatu. Osasun krisialdia tarteko, ez da posturik izango plazan,  eta giro bikaina dugun arren, ezta sagardo zaletu uholderik ere kalean gora eta behera.

Sagardo Egunaren Lagunak taldekoek ordea, ez dute herriko urteko hitzordu seinalatuena bertan behera utzi nahi izan. Bizi dugun ezohiko egoera honetara egokitu nahi izan dute. Gaurko Sagardo Eguna, azken hilabeteotan, bizileku, lantoki eta baita aisialdi gune bilbkatu zaizkigun leiho eta balkoietatik ospatzeko gonbita luzatu dute. 

Apaindu eta sagardo botila eskuratu
Ostiral arratsaldean, balkoiak apaintzeko materiala banatzen hasi ziren Sagardo Egunaren Lagunak taldekoak, Artzabalen duten lokalean. Banatzen hasi orduko agortu zitzaien ordea materiala. Apaingarriak bertan hartu zenituztenok, nahiz bertan eskuratzerik izan ez zenituztenok, girotu balko eta leihoak, sagardo banatzaileak ospakizun egun honetan janzten diren antzera prestatu. Hartu sagardo botila eta egin txotx!

Ospakizun unea iruditan jasotzeko deia egin dute Sagardo Egunaren Lagunak taldekoek. Sare sozialak baliatu; eta traola hauek #usurbilgosagardoeguna edo #sagardoeguna

Dagoeneko ospakizunak hasi dituenik izan da; ikusi Xingola Usurbilek partekatu duen albiste honi atxikitako bideoa. "Kalean ezin dugunez elkartu, etxean sagardoaz gozatzeko aukera aprobetxatzen ari dira Koronamalo eta Xingola. Lurra, baserria eta herria bizirik!", adierazi dute.


Ondo pasa!