Patxi Urangarekin batera aspaldi aske behar zuen Olatz Lasagabasterren urtebetetze eguna gaur

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 24a, 13:47
Olatz zoriontzeko Etxerat-ek eseki duen pankarta. Argazkiaren egilea: Usurbilen Nahi Ditugu.

41 urte bete ditu Patxi Urangarekin batera jada kalean behar zuen arren, Madrilgo Aranjuezeko espetxean segitzen duen Olatz Lasagabaster herritarrak. Hainbat zorion eta elkartasun mezu igorri dizkiote alaba Xua eta ama Mari Karmen Anza bizi diren ingurura.

Espetxealdiaren hiru laurdenak beteta, aspaldi behar zuten kalean urtarrilean haiengandik bereizi zuten alaba Xuaren ondoan Olatz Lasagabasterrek eta Patxi Urangak. 11 urte beteko dituzte espetxean ekainean, eta urtebete barrurako dute finkatua irteera data.

Hori gutxi ez eta covid19-a tarteko, bisitarik gabe, komunikatu ezinik geratu dira Olatz eta Patxi. Testuinguru gogor honetan bete ditu 41 urte gaur (maiatzak 24) Olatz Lasagabasterrek. Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik, zorion eta elkartasun mezuak idatziz helaraztera animatzen dituzte herritarrak. “Horregatik, animatzen ditugu herritarrak gutun edo postaltxo baten bidez zoriontzera”, ohartarazi du Usurbilen Nahi Ditugu elkarteak. “Seguru gure hitzak eta elkartasuna lagungarri izango zaizkiola, baita Patxiri ere”. Hona helbideak:

Olatz Lasagabaster Anza
Centro Penitenciario Madrid VI
Módulo F2 Carretera N-400, km. 28
28.300 Aranjuez (Madrid)

Patxi Uranga Salbide
Centro Penitenciario Madrid VI
Módulo 1 Carretera N-400, km. 28
28.300 Aranjuez (Madrid)

Berrogeialdian
Haurdunaldia dela-eta, maiatzaren 7an Olatz Lasagabaster erietxera atera zuten analisi bat egitera. Itzuli zutelarik eta aurretik berari ezer abisatu gabe, bere ziegan sartu eta 14 eguneko berrogeialdian izan dute. Inor ez dagoenean, telefonoz deitzeko eta patioan tarte bat ibiltzeko atera ahal izan da soilik. Hamar egun barru beste froga baterako hitzordu berri bat dauka erietxean. Hortaz, seguru asko isolamendu egoera luzatuko diote.

“Pandemia garai honetan badaezpadako neurri hori logikoa dela pentsa daiteke baina, egiaz, logikoa ez dena da Olatz eta Patxi (eta beste dozenaka euskal preso) espetxean mantentzea oraindik. Aspalditik dute baldintzapeko askatasuna izateko eskubidea eta lege arrunta aplikatuz gero, beren etxean beharko lukete eta ez kartzela barruko baldintza kaskarretan kutsatzeko arrisku gorrian”, dio Usurbilen Nahi Ditugu elkarteak.

Azken ostirala, plazan
Datorren ostirala (hilak 29) maiatzeko azkena izango dugu. Covid19-aren aurretik, euskal presoen eskubideen alde mobilizatzeko eguna herriko plazetan. Azken hilabeteotako etenaldiaren ondotik, kaleko elkarretaratzeei helduko die berriz Etxerat-ek. Baita Usurbilen ere, bizi dugun osasun krisialdian ezinbestekoak ditugun prebentzio neurriak hartuta beti ere. Xehetasun gehiago egunotan.

Argazkien egilea: Usurbilen Nahi Ditugu.