Koronabirusa

Usurbil ere "deseskalatze" prozesuaren 2. fasean da jada

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 25a, 15:43

Indarrean jartzeko ordu gutxi falta zela, larunbatean Eusko Jaurlaritzak aurreraturikoa berretsi du bart Lehendakaritza dekretuak; gauerdiaz geroztik "deseskalatze" prozesuaren bigarren fasean murgilduak gaude. Edonoiz eta edonora atera ahalko gara bai udalerrian eta Usurbildik kanpo, Gipuzkoa osoan. Ostalaritza guneen barrualdea irekitzeko baimena, 15 lagun arteko bilkurak egin ahal izatea, hezkuntzan DBH4tik gora ikastetxeak zabaltzeko aukera... eta aldaketa gehiago indarrean dira gaurtik. Lerrootan bildu ditugu xehetasunak.

Gauerdiaz geroztik, "deseskalatze" prozesuaren bigarren fasean gara Usurbilen ere, Hego Euskal Herri osoan bezala. Gaurtik, mugikortasun mugagabea izango da Gipuzkoan; herrialde barruan, edonoiz edonora joan ahalko gara. Ez da etxetik irten ezta etxeratzeko ordutegi finkorik izango.

"2. fase honetan, eta normaltasunaren eta pertsonen mugikortasunaren printzipioan aurrera eginez, ordutegi-tarteak ezabatuta geratzen dira, adinekoentzat eta pertsona zaurgarrientzat gordetakoa izan ezik, eta egoitza-zentroen eremuan adinekoentzako bisitak berrezartzen dira, betiere foru-aldundiek ezarritako egutegiaren eta baldintzen arabera, erakunde horiek baitituzte eskumenak egoitza-zentroen eremu soziosanitarioan".

Ostalaritzako lokalak eta zerbitzuak, jatetxeak, txokoak eta elkarte gastronomikoak berriro ireki ahalko dira, museoetako bisitak baimentzearekin batera. Duten edukieraren %50a bete ahalko dute.

15 lagun arteko bilkurak ere baimenduak egongo dira, eta baita bisitak ere. "Berriro bisita egin ahal izango zaie tutoretzapeko etxebizitzetan, desgaitasuna duten pertsonentzako egoitza-zentroetan eta adinekoentzako egoitza-zentroetan bizi diren pertsonei, eta egoiliarrek ibilaldiak egin ahal izango dituzte, foru-aldundiek maiatzaren 16ko SND/440/2020 Aginduaren 20. artikuluan ezarritakoaren esparruan ezartzen dituzten egutegiari eta arauei jarraikiz".

Beranduenez, 3. fasean ekainaren 7an sartu gaitezkeela iradokitzen du igande arratsaldean Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak Lehendakaritzaren dekretuak.

2. FASEA
Mugikortasuna eta ordu-tarteak
-Paseatu nahiz jarduera fisikoren bat egiteko orain arteko ordu tarteak desagertuko dira. Edonon edonoiz egin ahalko da.
-Halere, 10:00-12:00 eta 19:00-20:00 ordu tarteak 70 urtetik gorakoentzat eta kolektibo zaurgarrientzat erreserbatuak egoten segiko dira. Ordu tarte horietan ahal dela, kolektibo hauen kaleratzea errespetatzea eskatu dute.

Lurralde-mugikortasuna (baldintzak ez dira aldatzen)
-Gipuzkoa osoan edonoiz mugitu ahalko gara.
-Araba eta Bizkaiara joan ahalko gara, "adineko senideei bisitak egiteko, arrazoi sozioekonomikoengatik eta lan-arrazoiengatik, baina lurraldeen arteko mugikortasun-mugari eusten zaio aisia-arrazoiengatik".

Pertsonen arteko bilkurak
-15 pertsona arteko bilerak egin ahal izango dira (familian edo lagunartean) etxebizitza partikularretan, lokal pribatuetan eta erabilera publikoko gune irekietan. Topaketa horiek osasun-agintariek gomendatutako distantzia- eta prebentzio-baldintzetan egin beharko dira.

Ostalaritza, Jatetxeak** eta Saltokiak*

  1. A) Maiatzaren 25etik aurrera, ostalaritza-establezimenduen jarduera berrabiaraziko da barruko espazioan, eta terrazen jarduerarekin jarraituko da. Bi kasuetan, gehieneko edukiera %50ekoa izango da, eta bi metroko tartea egongo da mahaien artean edo mahai multzoen artean. Establezimenduetan artatutako pertsonek eserita egon beharko dute beti.
  2. B) 400 metrotik gorako merkataritza-guneen jarduerari eta irekierari berrekingo zaie, eta hurbileko merkataritza-jarduerarekin jarraituko da, gehienez ere %40eko edukierarekin.

Elkarte gastronomikoak eta txokoak 
Elkarte gastronomikoak eta txokoak ireki ahal izango dira, gehieneko %50eko edukierarekin eta bi metroko tartea egongo da mahaien artean edo mahai multzoen artean eta garbiketa eta desinfekzioan hostalaritzaren arautegi berbera bete beharko dute.

Kultura- eta aisialdi-jarduerak (bi araudiak)

  1. Kultura- eta aisialdi-jarduera espazio itxietan berrezarriko da, museotan %50arteko edukierarekin eta heren bateko edukierarekin, kultur etxe, antzoki eta zinematan 50 pertsonako gehiengoarekin.
  2. Espazio irekietan, gehienezko edukiera heren batekoa izango da, 400 pertsonako gehiengoarekin. Publikoa eserita, eta beti bermatuko dira distantziak eta gainerako segurtasun-neurriak beteko dira..

Turismo aktiboa eta natura **

Turismo aktibo eta naturalarekin berriro hastea baimenduko da, gehienez 20 pertsona arteko taldeetan.

Hezkuntza ***

Astelehen honetan sartuko da indarrean Hezkuntzako sailburuaren 2020ko maiatzaren 23ko Agindua, unibertsitatez kanpoko hezkuntzaren eta prestakuntzaren arloko aurrez aurreko jarduerak berriz hastea eta ikasketa jakin batzuetan sartzeko azterketak eta probak egitea arautzen duena.

Agindu honek honako hau xedatzen du:

  • Agindu honen bidez, maiatzaren 25etik aurrera, unibertsitatez kanpoko hezkuntzaren eta prestakuntzaren arloko aurrez aurreko jarduerak eta irakaskuntza jakin batzuetara sartzeko azterketak eta probak berriz hastea arautzen da.
  • Irakaskuntza- eta hezkuntza-jarduera presentzialari berrekitea xedatzen da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. maila edo Helduen Hezkuntzako horren baliokidea, Batxilergoko lehen eta bigarren maila eta Lanbide Heziketako lehen eta bigarren maila guztiak ematen diren ikastetxeetan, bai eta azterketak egitea ere. Halaber, ekaineko lehen astean, gainerako ziklo eta mailetako irakasleak eta irakasle ez diren langileak lanera itzultzea xedatzen da, ikastetxeetan hezkuntza-jarduera egin dezaten.
  • Araubide Bereziko Irakaskuntzei dagokienez (artistikoak, kiroletakoak, hizkuntzetakoak), gradu eta modalitate guztietan, ikastetxe, eskola edo kontserbatorio bakoitzaren programazioaren arabera berrekingo zaio aurrez aurreko hezkuntza- eta prestakuntza-jarduerari, orain arte modu ez-presentzialean edo on-line egin ezin izan diren jarduera espezifikoetarako, bai eta ebaluazioetarako, ikasketa-amaierako lanetarako eta ikastetxe bakoitzak zehazten dituen sarrera-probetarako ere.
  • Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua eta Batxilergoko tituluak lortzeko proba libreak egitea baimentzen da, bai eta Lanbide Heziketan sartzeko probak ere.
  • Enplegurako Lanbide Heziketako prestakuntza-jarduera presentzialari eta lanekoak ez diren modulu praktikoei berrekingo zaie.
  • Unitate Terapeutikoetan eta Hezkuntza Bereziko zentroetan aurrez aurreko jarduera baimentzen da, Osasun Sailaren argibide eta baldintza espezifikoen arabera.
  • Euskaltegietan, akademietan, eskoletan, prestakuntza-zentroetan eta antzekoetan –publikoak zein pribatuak– aurrez aurreko hezkuntza- eta prestakuntza-jarduerak egitea baimentzen da, besteak beste, hizkuntza-, arte- eta kirol-arloetan.
  • Azterketa ofizialak deitu, antolatu eta egitea baimentzen da, horien artean HABEren euskara-maila egiaztatzeko azterketak direla.
  • Agindu honen bidez araututako jarduera guztiak erabiltzaileen eta langileen osasun, segurtasun, babes eta higiene-neurriak errespetatuz egingo dira, osasun-agintariek adierazitakoak, eta aplikatu beharreko araudiaren arabera.

 

Era berean, honako hauei berrekitea arautzen da:

  • Araubide Bereziko Irakaskuntzak (artistikoak, kirolekoak, hizkuntzetakoak).
  • Proba libreak DBH, Batxilergo eta LHko tituluak lortzeko.
  • Enplegurako Lanbide Heziketako prestakuntza-jarduera presentziala eta lanekoak ez diren praktiken moduluak.
  • Aurrez aurreko jarduera Unitate Terapeutikoetan eta Hezkuntza Bereziko Zentroetan.
  • Hezkuntza- eta prestakuntza-jarduera presentziala euskaltegietan, akademietan, eskoletan eta prestakuntza-zentroetan eta antzekoetan, publiko zein pribatuetan, besteak beste, hizkuntza-, arte- eta kirol-esparruetan.
  • Azterketa ofizialen deialdia, antolaketa eta ospakizuna (adibidez, HABE).

 

ERANTZUKIZUN INDIBIDUALA

Eusko Jaurlaritzatik arduratsuak izateko deia egin diete herritarrei. Babes-neurriak betetzea ezinbestekotzat jotzen dute:

  • Bi metroko segurtasun-tartea uztea.
  • Maskara erabiltzea bi metroko tarte hori utzi ezin denean.
  • Eskuak sarri garbitzea.
  • Sarri ukitzen diren gainazalak ahal dela ez ukitzea.
  • Eta arriskuko kolektiboekin, hau da, arriskuko pertsonekin, haurdun dauden emakumeekin eta aurretik gaixotasun kronikoak dituzten pertsonekin, kontu handiz ibiltzea.