Aspaldiko partez, gaur meza emango dute Aginagan eta Usurbilen

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 31a, 10:07

Eliz-ospakizunak ere bueltan dira. Igande honetan,  Mendekoste igandea ospatuko dute Usurbilen eta Aginagan.

Musukoarekin joan behar da eta sarreran eskuak garbitu beharko dira. Aforoa mugatua eta distantzia minimoa errespetatu behar denez, "esertzeko lekuak markatuta egongo dira". Hauxe da Usurbilgo parrokiak igorri duen idatzia:

“Pazko berrogeialdiaren amaiera. Pazkoaren amaiera. Pazko bakarra ospatzen baitugu 50 egunez. 50 egunez gure fedearen oinarria ospatzen dugu. Aurten ezin izan dugu elkartean Pazko Hirurrena ospatu, baina Mendekoste eguna elkartean ospatzeko aukera izango dugu. Pazko Zuzia, gure fedearen ezaugarria Piztuko dugu. Biziagan dugun fedea aldarrikatzeko ezaugarria. Biziarazle izatera deitzen gaituen deia. Piztu da”.

Egoerak horrela eskatuta, neurri hauek hartu behar dira kontuan:

-Musukoarekin joan behar da.

-Parrokiara sartzeko ate bakarra erabiliko da: Salbatoren, dorre azpiko atea; Asisko San Frantziskon, atzeko atea.

-Sarreran eskuak garbitu beharko dira.

-Aforoa mugatua eta distantzia minimoa errespetatu behar denez, esertzeko lekuak markatuta egongo dira.

Ohar baten bidez aditzera eman dutenez, “bertan izango gaituzue laguntzeko. Pazko mezu bat luzatu nahi dizuegu, ez izan beldurrik, errespetua eta ardura bai, baina, mesedez, beldurrik ez. Beldurrak lotu, gogortu, geldiarazi egiten du. Izan gaitezen elkar-arduratsu”.