Koronabirusa

Euskal presoen eskubideen aldeko ostiraleko elkarretaratzea plazan berriz, baina segurtasun neurriekin

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 26a, 14:34

Bi hilabeteko etenaldiaren ostean, euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioak plazara itzuliko dira maiatzeko azken ostiral honetan. Hitzordua ohikoa izango da; 20:00etan Mikel Laboa plazan. Baina bizi dugun osasun krisialdia tarteko, elkarretaratzera hurbildu asmo dutenei segurtasun neurriak hartzea eskatzen diete deitzaileek.

Euskal presoen eskubideen aldeko azken ostiraleko elkarretaratzeak Euskal Herriko plazetara itzuliko dira maiatzaren 29an. Egun bizi dugun osasun krisialdira egokituta noski. “Pandemia egoerak hala behartuta, oraindik ez dira era normalizatuan egingo”, gogorarazi dute Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik.

Hitzordua ohikoa izango da; ostiral honetan (hilak 29) arratsaldeko 20:00etan Mikel Laboa plazan. Mobilizazio honetan parte hartu asmo dutenei ordea, maskarak erabili eta bi metroko segurtasun tartea errespetatzea eskatzen diete deitzaileek. “Denon osasuna lehenesteko arduraz eta zuhurtziaz jokatu behar dugula uste dugu”.

11 urte espetxean
Euskal presoen etxeratzea exijituko da ostiraleko mobilizazioetan. Usurbilen, modu berezian, espetxealdiaren hiru laurdenak beteak izan eta jada aske behar zuten arren, Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga presoen kaleratzea eskatuko da.

Madrilgo Aranjuezeko espetxean segitzen dute. Urtarrilean bereizi zuten alaba Xuarengandik ehunka kilometrotara dira, Covid19-aren eraginez bisitarik gabe izan dira hilabeteotan. Haurdun den Olatz, erietxera analisi bat egitera eraman eta 14 eguneko berrogeialdian izan dute. Saihestu zitekeen isolamenduan, aspaldi etxean behar baitzuten Patxik eta Olatzek. Ekainean 11 urte beteko dituzte espetxean, egun 2021eko ekainerako dute irteera data. Testuinguru honetan, 41 urte bete zituen Olatzek maiatzaren 24an. Zenbait zorion eta elkartasun mezu helarazi zizkieten bere ama Mari Karmen Anza eta alaba Xuari, bizi diren inguruan. Olatzi eta Patxiri idazteko helbideok dituzue:

Olatz Lasagabaster Anza
Centro Penitenciario Madrid VI 
Módulo F2 Carretera N-400, km. 28 
28.300 Aranjuez (Madrid)

Patxi Uranga Salbide
Centro Penitenciario Madrid VI 
Módulo 1 Carretera N-400, km. 28 
28.300 Aranjuez (Madrid)