Koronabirusa

Kalera noiznahi atera gaitezkeen honetan kontuan hartu beharreko Osasun Sailaren aholkuak

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 26a, 12:30

Usurbilen eta Gipuzkoan barrena noiznahi mugitu gaitezkeen honetan, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitara emandako aholku sorta duzue albiste honetan; maskaren erabilerari buruzko xehetasunak, garraio publikoetan edota erosketak egiterakoan nola babestu gaitezkeen, covid19-aren hedatzea nola saihestu daitekeen, edota koronabirusa izanez gero nola isolatu etxean.

Aste hasieraz geroztik 2. fasean gara jada. Noiznahi atera gaitezke kalera; 10:00-12:00 artean eta 19:00-20:00 artean ahal den neurrian jarduera fisikoa egin edota paseatzea saihestea eskatzen da, ordu tarte horietan adinekoak lasai ibili daitezen.

Gainerakoan aipatu moduan, noiznahi atera gaitezke kalera Usurbilen eta Gipuzkoa barruan, baina prebentzio neurriak hartuta. Segidan duzue Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren kartel hauetan, aholku sorta zabala. Maskarak noiz eta nola erabili ditzakegun; nola hartu, nola jantzi, noiz aldatu, zer egoeretan den ezinbestekoa... Gure eguneroko egitekoen artean da erosketak egin edo garraio zerbitzuak erabiltzea. Kasuotan nola jokatu ere hainbat gomendio zabaldu ditu Eusko Jaurlaritzak.

Kasu positibo berriek nabarmen beherantz egin duten honetan, Covid19-aren hedapena nola saihestu ere aholku sorta duzue segidan; eta baita covid19-a izanez gero nola isolatu behar den etxean.