Koronabirusa

Covid19 osteko Euskal Herriko ekonomia ekologikoaren aldeko manifestuarekin bat egiteko deia

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 27a, 10:38

Covid19ak azaleratu eta pertsona, jendarte zein ekonomian “kostu suntsitzaileak” eragiten ari den aurrekaririk gabeko krisi sakonaren testuinguruan prozesu bat abiarazi du Euskal Herriko zein kanpoko unibertsitate, ikerketa zentru eta akademia munduko ikerlari eta irakasle talde zabal batek, “eragile eta jendartearekin eztabaida estrategiko eta anitza sustatzen jarraitzeko helburuarekin”. Taldearen esanetan, “gure lurraldearen etorkizun sozio-ekologikoarekin konprometituta gaude, testuinguru globala kontuan hartuz”.

Abiarazi duten prozesuaren bidez, “ekonomia ekologikoan oinarritutako trantsizio alternatiba eta proposamen zehatzak jorratu nahi ditugu, etorkizuneko erronkei begira erantzun iraunkor eta bidezkoak eraikitzeko”. Horretarako auzolanerako deia egiten dute, “etorkizun berri bat eraikitzeko, ziurgabetasunak kudeatzen ikasiz”. Aukera hau pasatzen ez uztea eskatzen diete Euskal Herriko jendarte, eragile eta erakundeei.

Eragile eta norbanako anitzen atxikimenduak
Astearte honetara arte, taldeak kaleraturiko manifestua sinatu dute 744 akademikoek, 3.065 norbanakoek eta 188 eragileek. Akademiko nahiz norbanakoen artean herritarrak daude, eta eragileen artean Usurbilekin lotura dutenak baita. Esaterako, Zubieta gainean laster batean guztiz martxan jarri nahi duten erraustegia geratzeko lanean ari diren eragileak; GuraSOS eta Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldea (OEIT), Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearra, Fridays For Future mugimendua, sindikatu eta eragile politiko anitzekin batera.

Usurbilgo udalerria kide duen Udalbiltzak ere bat egin du manifestuarekin. Baita erabakitze eskubidearen aldeko Gure Esku mugimenduak, Ernai gazte erakundeak, Usurbilgo Udalaren hirigintzako zenbait parte hartze prozesu dinamizatu dituen Hiritik At kooperatiba…

5 lan ildo
“Euskal Herrian benetan jasangarria den eredu sozio-ekonomiko baterantz aurrera egiteko oinarri batzuk iradokitzea” nahi dute. Eraldaketa hori sustatzeko bost lan ildo estrategiko proposatzen dituzte:
-Barne Produktu Gordinaren hazkunde agregatuan oinarritutako garapen-eredua alde batera uztea.
-Erakunde publikoek muga ekologikoak kontuan hartzen dituzten ekoizpen-, inbertsio- eta kontsumo-politikak sustatzea, eta etorkizuneko belaunaldientzat zor bidegabe eta onartezina saihestea. “0km”-ren kontzeptua hedatzea.
-Ingurumen-fiskalitate progresiboa diseinatu eta ezartzea, baliabide naturalen gehiegizko ustiapena albo batera utzi eta, aldi berean, klima-krisiari eta ekosistemen degradazioari aurre egiteko.
- Ingurumen-, ekonomia- eta gizarte- gehiegizko kostuak eragiten dituzten azpiegitura handietan eta garraiobide jasanezinetan oinarritutako mugikortasun-eredua alde batera uztea.  Nekazaritza- eta elikadura-sistema eraldatzea, agroekologian oinarritutako elikadura burujabetzan aurrera egiteko. Horrek biodibertsitatea kontserbatzea, elikagai jasangarriak eta tokikoak ekoiztea bermatzen du, beti ere lan-baldintza duinetan oinarrituta. Halaber, elikadura osasungarri eta elikagarrirako eskubidea errespetatu, babestu eta bermatzea.

Manifestu osoa irakurri, sinatu eta informazio gehiago jasotzeko helbide honetan klikatu: euskalherriapostcovid19.eus