Klima eta natura hizpide gaur, Gure Eskuren solasaldi digitalen bigarren zikloa amaitzeko

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 28a, 09:19

"Gelditu. Hausnartu. Erabaki." solasaldi digitalen bigarren zikloa borobiltzeko "Klima eta natura: zirt edo zart egiteko unea" saioa antolatu du Gure Eskuk ostegun honetarako (maiatzak 28) 19:00etan iragarri duten zuzeneko saioan. 

Bizi dugun osasun krisiaren aurrean hartu beharreko norabidea herritarrek erabaki behar dutela defendatuta, solasaldi digitalen zikloa abiatu zuen duela hilabete Gure Eskuk. Ekimenaren arrakasta ikusita bigarren edizioa antolatu du. Ostegun honetan, "Klima eta natura: zirt edo zart egiteko unea" solasaldia iragarri dute.

Arratsaldeko 19:00etan jarraitu ahalko duzue zuzenean, Gure Eskuren Youtubeko kanaletik edota albiste honi atxikia duzuen bideotik. 

Bigarren zikloa
Krisialdiak aurreko ereduetan sakondu edo bide berriak jorratzeko inflexio puntuak direla adierazita eta "norabide bat ala beste hartu, herritarrok erabaki beharko genukeela sinestuta", "Gelditu. Hausnartu. Erabaki" solasaldi digitalen zikloa abiarazi zuen Gure Eskuk joan den hilabetean. Maiatzaren 7ra arte luzatu zen zikloa; kultura, espazio publikoaren itxiera, gobernantza ereduaren krisia, elikadura eta kontsumoa, eta sistemaren krisia ahotan hartu zuten eremu anitzeko profesionalek. 

Gure Eskuren Youtubeko kanalak zuzenean eskaini zituen saio guztiok. Emanaldiak osorik aipatu kanalean dituzue ikusgai. Saio "hauen arrakasta ikusita, beste bost ataleko bigarren ziklo bat abiatu" zuen Gure Eskuk joan den ostegunean, "formatu berean: bi hizlari elkarren artean solastuko dira, ordu erdiz, eta dagokien gaiari buruz egiten duten egoeraren analisia eta euren ustez behar diren aldaketak eta hartu beharreko erabakiak partekatuko dituzte".

Krisi ekonomikoa, euskara edota teknologia gaiak jorratu dituzte azken asteotan; Gure Eskuren Youtubeko kanalean dituzue ikusgai solasaldi guztiak.

"GELDITU. HAUSNARTU. ERABAKI"
Maiatzak 28, osteguna
19:00 "Klima eta natura: zirt edo zart egiteko unea".
Hizlariak:
Ane Zabaleta, geologoa, zientzian doktore eta geodinamikan espezializatua; eta EHUko ikertzailea
Unai Pascual, Ikerbasque Ikerlaria (BC3), irakaslea, eta bioaniztasunaren galera ikertzeko IPBES adituen taldeko kidea (NBE)

Solasaldiak zuzenean ikusgai Gure Eskuk Youtuben duen kanalean. Hemen esteka: Gure Esku