KULTUR BIRA EGINGO DA

Jai Batzordea: "Aurten ezingo ditugu Santixabelak ospatu"

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 28a, 09:54

Udaren atarian gaude. Festak begibistan. Orain arteko eredua ordea, ezingo da errepikatu. Eta premisa honek auzo nahiz herriko jaientzat balio du. Hala ere, herriko eragileek bide berriak jorratuko dituztela iragarri dute. Bideo hau osatu dute Santixabeletako nahiz Santuenea, Atxegalde eta San Estebango jai batzordeek.

Bideoarekin batera, mezu hau helarazi dute jai batzordeetako ordezkariek: "Aurten COVID-19ak eragindako krisia medio, ezingo ditugu Santixabelak ospatu. Baina baikortasuna eta imaginazioa ardatz harturik, bide berriak jorratuko ditugu. Herriaren laguntzaz. Jai Batzordetik Usurbilgo Kultur Bira dinamika prestatzeari ekin diogu. Osasun neurriak oinarri dituen protokoloa erdigunean ipini dugu. Herriko auzoen elkarlanean oinarriturik, gure kulturaren auspotzea helburu duen egitaraua sortzen hasi gara. Itxialdian gure sustengua izan den euskal kulturgintzak eman diguna itzultzeko unea iritsi da. Heritik eta herriarentzat". 

Usurbilgo Jai Batzordearen ikurraz gain, Santuenea, Atxegalde eta San Estebango jai batzordeen logoak ageri dira bideoaren amaieran.