Koronabirusa

Covid19-a izan duten pertsonei elkartasuna eta babestu gaituzten langileei eskertza adierazi die Udalak

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 29a, 12:14

Covid19-ak eragindako osasun krisialdiak udal ordezkari guztiak batu ditu. Gai honi buruzko erakunde adierazpena onartu zuten aho batez EHBilduk, EAJ-k eta PSE-k, osteguneko udalbatzarrean. Adierazpenak doluminak adierazten dizkie hildakoen senideei, babes solidarioa koronabirusak jotako pertsonei. Eskertza, gure bizitza eta osasuna zaintzen aritu diren langileei. Erakundeen arteko ahalik eta lankidetza zabalena eskatzen du Usurbilgo Udalaren erakunde adierazpenak, bizi dugun krisiaren ondorioak arintzeko. Txertoak lortzeko baliabide gehiago bideratzea ere galdegiten du adierazpenak, osasun-arreta jasotzeko eskubidearen unibertsaltasuna bermatzea defendatzearekin batera. Lerrootan duzue Udalak onartu duen erakunde adierazpena osorik.

COVID-19ak ERAGINDAKO OSASUN KRISIA DELA ETA, USURBILGO UDALAREN ADIERAZPEN INSTITUZIONALA
Munduko Osasun Erakundeak koronabirusak (Cov) afekzio ugari —burutik beherako arrunt batetik gaixotasun larriagoetaraino— eragin ditzaketen birusen familia zabal gisa definitzen ditu.

Egungo Covid-19 2019ko abenduaren 31ra arte gizakiengan aurkitu ez zen koronabirus-andui berri bat da. Egun horretan hauteman zen lehen aldiz Wuhan (Txina) hirian.

Covid-19 gizarte osoan, modu globalean, eragiten ari da. Eta horregatik, guztiok inoiz baino gehiago bat eginda egon behar dugu une honetan pandemiaren hedapena galarazteko.

Hori guztia kontuan hartuz, Usurbilgo Udalean ordezkaritza duten udal-taldeek, Covid-19k eragindako osasun krisiari eta bere ondorioei elkar harturik erantzun nahi diegu, eta honako adierazpen instituzional hau onartzea adostu dute:

  1. Usurbilgo Udalak bere doluminak adierazten dizkie Covid-19aren ondorioz hildako guztien familiei. Eta senitartekoa galtzeak eta haren bizitzaren azken egunetan bere ondoan ezin egon izanak familia horiei eragindako samina partekatzen du eurekin.

  2. Usurbilgo Udalak gaixotasun honek kutsatu dituen pertsona guztiei herriaren babes solidarioa helarazi nahi die. Eta ahalik eta azkarren senda daitezen opa die.

  3. Usurbilgo Udalak eskerrak eman nahi dizkie usurbildarrei lehen unetik erakusten ari diren jarrera eredugarriagatik, elkar-zaintza, elkartasuna eta erantzunkidetasuna oinarri. Halaber, konfinamendua arintzeko fasean bagaude ere, ez lasaitzeko, arduratsu izaten jarraitzeko eta erakunde ezberdinetatik gomendatzen ari diren babes eta osasun neurriak betetzeko eskatu nahi diegu.

  4. Usurbilgo Udalak gure herriaren esker ona adierazi nahi die ospitaletan, egoitzetan edo osasun-zentroetan, gau eta egun eta etenik gabe, gaixoak zaintzen eta COVID19ari aurre egiten ari diren osasun-langile guztiei.

  5. Usurbilgo Udalak eskerrak ere eman nahi dizkie, besteak Covid-19 birusetik babestuta egoteko, euren lanpostuetan lanean jarraitzen duten langile guztiei, adibidez, zahar- egoitzetako langileei, supermerkatuetako langileei, garbitzaileei, udal langileei eta udaltzainei eta suhiltzaileei, garraiolariei, irakasleei, etab.

  1. Usurbilgo Udalak osasun-sistema publikoari babesa eskaintzeaz gainera, herritar guztiek osasun-arreta jasotzeko eskubidearen unibertsaltasuna defendatzeko eskatzen die eskuduntza duten gobernuei.

  2. Usurbilgo Udalak eskuduntza duten gobernuei ere eskatzen die Covid-19 gisako pandemiekin amaituko duten txertoak lortzeko osasun-ikerketarako baliabide gehiago bideratzeko.

  3. Usurbilgo Udalak erakunde publiko guztiei (Europako Batzordea, Espainiako Gobernua, Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak eta Udalak) elkarren arteko ahalik eta lankidetza zabalena eskatzen die, Covid-19ak eragin duen krisiaren ondorioak arintzeko ekimenak eta laguntza publikoak koordinatzeko. Eta zehazki, une honetan okerren pasatzen ari diren talde zaurgarrienei laguntzeko.

Usurbilen, 2020ko maiatzaren 28a