%20ko murrizketa foru funtsean

Udalekin irtenbidea adostea eskatzen dio EHBilduk Foru Aldundiari

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 29a, 18:11

Aldundiak udalak finantzatzeko foru funtsean iragarritako %20ko murrizketaren aurrean, gaiari buruzko elkarrizketa bidea ireki, eta "udalen egonkortasun finantzarioa bermatzeko" herriko etxeekin adostasuna bilatzea eskatzen dion mozioa aurkeztu zuen EHBIlduk ostegunean egin zuten udalbatzar telematikoan. Gehiengo osoz onartu zuten udal gobernu taldeko kideen babesarekin. EAJ-k eta PSE-k aurka bozkatu zuten. Hemen EHBilduren mozioaren edukia bere osotasunean.

EHBILDUREN MOZIOA
Maiatzaren 14ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Gipuzkoako Foru Aldundiak udalei egiten dien diru-banaketan % 20ko murrizketa aplikatzeko Diputatu Kontseiluaren aldebakarreko erabakia. Horrelako erabakiei buruz hitz egiteko toki beharko zukeen Gipuzkoako Finantzen Kontseilua hurrengo egunean bildu zen, eta dagoeneko hartuta zegoen erabakiaren berri emateko izan zen.

Udalak, herritarren beharretatik gertuen dauden erakundeak izateaz gain, lehen mailako erakundeak dira, EAEko Udal Legeak aitortzen duen bezala. Zentzu honetan, euskal erakundeen arteko diru-banaketan aldaketarik egon behar bada, erakunde guztien artean eztabaidatua eta adostua izan behar luke, alde guztiek informazioa modu gardenean partekatuta eta inolaz ere ez aldebakarrez.

Herrietako zerbitzu publikoak garatzeko ezinbestekoa den finantzazioaz ari gara hizketan, udalen eguneroko kudeaketan eta herritarren bizitzan eragin zuzena duten erabaki politikoez, hain zuzen. Horregatik, honako eskari hauek egiten dizkio Usurbilgo Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari:

  1. Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren gaineko elkarrizketa abiatzeko udalokin.

  2. Berraztertu dezala aldebakarrez hartutako erabakia eta udalekin elkarlanean adostasuna bilatzeko, udalen egonkortasun finantzarioa bermatzeko.

  3. Elkarlana inoiz baino beharrezkoagoa dela sinetsita gaudenez, Gipuzkoako Finantzen Kontseilua udalekin kogobernantzarako foro bihurtzeko. Ezinbestekoa da informazioa partekatzea, proposamenak aztertzea eta adostasunak lortzea, ondoren Gipuzkoako udalen finantzaketari buruzko Foru Arauan beharrezko isla izan dezan.

Usurbilgo Udalak erabaki honen berri emango die Gipuzkoako diputatu nagusiari, Ogasun diputatuari, Gipuzkoako Batzar Nagusietako alderdi guztiei eta EUDELeko Gipuzkoako eta EAEko zuzendaritzei.