Merkataritza hizpide

Mikel Arrandegia: “Azken asteotan globoak behera egin du”

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 30a, 09:41

Mikel Laboa plaza. Eguerdi partean. Laurok dendan eskatzeko ilara, Labe-Goxon ogia erosteko ilara, Correosen ilara, Mikel arrandegian sartzeko beste horrenbeste... Konfinamenduak iraun duen denboran, maiz eman da antzeko egoera. “Azken asteotan globoak behera egin du”, adierazi digute Mikel arrandegian. Konfinamendua arintzearekin batera, gauzak bere horretara itzultzen hasi dira.

 

NOAUA! Konfinamendua hasi zenean, jendeak ezin zuen herritik atera. Horrek eragina izango zuen zuen jardunean. Lan gehiago egin al duzue bi hilabeteotan?

Mikel Arrandegia. Lehen etortzen ez zen jendea etortzen hasi zen. Herrian bizi baina beste toki batzuetara joaten zena, kanpora batez ere. Jende hori hurbildu da asteotan.

Orain konfinamendua liberatzen hasi denetik, aldaketa sumatu da. Lehen asteetan, ezagutzen ez genuen jendea hurbiltzen hasi zen. Baina globoak behera egin du azken asteotan.

 

Lehengo bezeroak mantendu dituzue. Baina berriren bat ere irabaziko zenuten, ezta?

Bakarren batek jarraituko du baina ez konfinamendu hasieran bezala.

 

MIKEL ARRANDEGIA

Lehen egunetan ilara luzeak sortu ziren denda atarian. “Eguerdian

bereziki. Jende gehien orduan ateratzen zelako”

 

Segurtasun arrazoiengatik, bezeroak banan bana hartu behar izan dituzue. Zuei nola eragin dizue honek guztiak?

Barruan bi ari bagara lanean, bi lagun bakarrik sar daitezke. Bakarra badago lanean, bezero bat bakarrik sartzen da. Gainontzekoek kalean itxaron behar dute, beren txanda etorri arte.

 

Tarteka ilarak sortu dira denda atarian, ezta?

Lehen momentutik. Eguerdi aldera bereziki, jende gehien orduan ateratzen zelako. Pilaketa batzuk izan ziren hasieran. Orain ere bai, baina ezberdina da. Jendea edozein ordutan atera daitekeelako orain.

 

Neurri hauetara ez geunden ohituta. Jendeak nola erantzun du?

Bakarren bati luze egin zaio itxaronaldia. Beste toki batera joan eta han ere itxaron behar izan duenez, estutuko zen. Beste batzuk lasai hartu dute. Bakoitzaren izaerarekin doa hori.

 

“Lehengo lepotik burua”

NOAUA! Krisi hau amaitzen denean, batzuk diote bertakoa eta gertukoa gehiago baloratuko dugula. Ados al zaude?

Mikel Arrandegia. Nire zalantzak ditut. Nahiago nuke hala ez izatea baina lehengo lepotik burua izango dugun irudipena dut. Ez da lehen bezala izango, baina jendeari lehengoak tirako dio.

 

Eta zure bezero fidelen artean, baten batek eskertu al du asteotan egin duzuen lana?

Bai, batzuk bai. Eta esan ere bai.