Merkataritza hizpide

Pello Arrandegia: “Jendea oso ondo egokitu da egoera berrira eta oso ondo erantzun du”

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 30a, 09:42

Elikagaien saltokiak funtsezko jarduerak direnez, arrandegiak ere zabalik izan dira konfinamenduak iraun duen denboran. Asteotan lan gehiago izan dutela adierazi digu Pello arrandegiko nagusiak.

NOAUA! Duela gutxi arte, jendeak ezin zuen herritik atera.

Pello Arrandegia. Jendeak ezin zuen herritik atera, ezin zuen kontsumitu inon. Jateko leku bakarra zen etxea. Ez pintxo-pote, ez hanburgesa, ez bokata… Ezer ez. Beraz, jana etxera eraman behar. Beste aukerarik ez zegoen. Dena etxean egin behar zen. Dena horra bideratuta zegoen, etxean egotera.

 

Segurtasun neurri bereziak ezarri behar izan dituzue. Ondo egokitu al zarete? Eta zuen bezeroak?

Jendea egoerara egokitu da momentu guztietan. Eta neurriak oso ondo errespetatu ditu.

 

PELLO ARRANDEGIA

“Ilarak sortu dira. Baina jendeak modu naturalean erantzun du. Ez dugu inolako arazorik izan. Baina ilara horiek ikusita, hainbatetan presiopean egin dugu lan”

 

Banaka atenditu dituzue bezeroak. Horren ondorioz, hainbatetan ilarak sortu dira zuen arrandegi atarian.

Jendeak oso ondo ulertu du itxaron beharra zuela. Eta modu naturalean erantzun du. Hortik ez dugu inolako arazorik izan. Baina egunotan sortu diren ilara horiek ikusita, hainbatetan presiopean egin dugu lan.

 

Jendea zain dagoela ikustea  ez da oso lasaigarria izango lanean ari denarentzat, ezta?

Tentsio askorekin egin dugu lan. Baten batek pentsa lezake, “beste pertsona bat ekartzea zuen”. Nik bezeroak beti berdinak ditut, eta bezeroak nahi du nik zerbitzatzea, nire erara garbitutako arraina eramatera ohituta dagoelako. Dena den, esan dudan bezala, jendeak oso ondo ulertu du egoera eta ez dut arazorik izan.

Alderantziz. Oso eskertua sentitzen naiz. Aste hauetan eman dugun zerbitzuarekin oso eskertua sentitu naiz. Tentsioarekin bizi izan dut baina jendearen eskertza hori ikaragarria da.

 

Hori garrantzitsua izango da. Goizero lanera etortzeko indarra emango du babes hori sentitzeak, ezta?

Guk, denda txikiok, martxan egon behar dugu. Errotak ura behar du mugitzeko eta guk bezeroak behar ditugu mugitzeko. Beraiek eskertu dute gure lana baina guk ere bai.

 

“Azken urteotan jende berri asko etorri da herrira”

NOAUA! Lehen etortzen ez zen bezeroren bat hurbilduko zitzaizun aste hauetan.

Pello Arrandegia. Azken urteotan jende berri asko etorri da herrira. Baina kanpoan egiten dute lan edo erosketak egiteko beste ohitura batzuk dituzte. Azken asteotan bai, batzuk lehen aldiz etorri dira. Horretaz konturatu gara baina hori bera positiboa da.

Prezioak gainera nahikoa txukun ibili dira. Jatetxeak lanean ez egoteak, guri lagundu egin digu. Prezioak apaltxoago ibili direlako mostradorean.

 

Krisi hau amaitzen denean, batzuk diote bertakoa eta gertukoa gehiago baloratuko dugula. Ados al zaude?

Ez dut uste hala izango denik. Gizakia oso egoista da. Erraz aldatzen gara eta erraz mugitzen gara batetik bestera. Bakarren batek ezagutu du gure lan egiteko modua eta bueltatuko da. Beste kontu bat izango da ekonomiaren egoera.

 

Alegia, epe erdira nola aterako garen bidegurutze honetatik. Denborak esango du hori.

Hori da.