Merkataritza hizpide

Alkartasuna kooperatiba: “Lana bikoiztu egin zaigu”

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 30a, 09:50

Martxoaren erdialdetik hona, Alkartasuna Baserritarren Kooperatiban lanez gainezka dabiltza. Baratzerako osagaien salmentak ez dira apaldu eta elikagaien zein garbikarien salmentak gora egin du. “Hori gutxi balitz, udaberrian gaude eta guretzat lan handiko garaia izaten da hauxe”, adierazi digu Asier Kortadik.

NOAUA! Konfinamendua hasi zenetik hona, lan gehiago egin duzue ala antzeko martxan aritu al zarete?

Asier Kortadi, Alkartasuna Baserritarren Kooperatiba. Nabarmen handitu zaigu lana. Bikoiztu egin da hainbatetan. Jendeak ezin herritik mugitu, hona etortzeko aukera egin zuen. Hasierako psikosi horrekin gainera, jendea erosi erosi eta erosi aritu zen.

Bestetik, tabernak itxita egoteak ere bere eragina izan du. Inora ezin joan eta jendeak etxera eraman du edatekoa. Hori gutxi balitz, udaberrian gaude eta guretzat lan handiko garaia izaten da hauxe.

 

Asteotan lehen aldiz etorri denik ere izango da.

Bai. Eta mantendu egin dela esango nuke. Kanpoko jende bat ere orain hasi da hona etortzen. Eta bada beste arrazoi bat: behin paseoak ahalbidetu ziren momentuan, paseo polita da hemengoa eta jendeak kooperatiban sartzeko aprobetxatu du.

 

ALKARTASUNA

Jendeak eskertu du bi hilabeteotan Alkartasunak egin duen ahalegina. “Hasieran batez ere. Askotan esan digute, eta emailez ere idatzi digute eskerrak emanez”

 

Herri baratzeak itxita egon ziren bolada batean. Baratzeko lanari lotutako salmentei dagokionez, etenaldirik sumatu al zenuten?

Ez, ez da etenaldirik izan. Sumatu genuena izan zen jende askok beldurra zuela hona etortzeko. Ez zekien hona hurbiltzeko aukerarik zuen ala ez, Kooperatiba irekita ote genuen ala ez, baratzeak baimenduko zituzten ala ez… Telefono dei pila bat jaso genituen bolada horretan.

 

Usurbildik kanpoko bezero asko dituzue. Beherakadarik igarri al duzue?

Askok deitu zuten hona, etortzea ba ote zuten galdezka, eta guk ez genekien zer erantzun... Ohitura zutenak etorri dira eta berri batzuk ere hasi dira hurbiltzen. Bestetik, banaketa zerbitzuarena ahoz aho zabaldu da eta asko igo da. Jende batek beldurra zuen hona etortzeko eta eramateko eskatzen zuen. Bi ibilbide ditugu: aste batean Usurbil inguruan ibiltzen gara eta hurrengoan Igeldo partean. Lehen banaketak egun bat eskatzen zigun,  orain 2-3 egun eskatzen dizkigu.

 

“Protokoloa oso erraza da: eskuak garbitu sartu aurretik eta distantziak mantendu”

NOAUA! Segurtasun neurriak ezarri behar izan dituzue. Jendeak ondo hartu al ditu?

Asier Kortadi. Bi jarrera egon dira. Batetik, beldurra adierazten zutenak –adinduak bereziki–; eta bestetik, ezer gertatuko ez balitz bezala etortzen zirenak. Oso nekagarria izan da.

Protokoloa oso erraza da hemen: eskuak garbitu sartu aurretik eta distantziak mantendu. Jende bati esan behar izan zaio eta batzuk ez dute gustura hartu. Beste batzuk aldiz, protokoloa zein den gogoraraztea eskertu eta dena egin digute.

Bestetik, ilarak sortu dira. Jendeak zain egon behar izan du dendaren atarian. Ilaran egon behar izan dute eta ez da atsegina. %95ak oso ondo eraman du baina batzuk kexatu egin dira.

 

“Bertakoa eta bertakoen lana gehiago baloratuko da”

NOAUA! Krisi hau amaitzen denean, bertakoa eta gertukoa gehiago baloratuko dugula diote batzuk. Ados al zaude?

Asier Kortadi. Nik uste dut baietz. Bertakoa eta bertakoen lana gehiago baloratuko dela. Ez da oraingoa mantenduko, hori argi eta garbi. Eskaria jaitsi egingo da baina kondar bat geldituko da. Zenbaterainokoa? Hori da ikusi beharko dena. Inpresio hori daukat. Kate handiekin lanean dabiltzan bertako ekoizle asko adibidez, oso gustura daude. Beraiek erantzun dute, kanpokoek erantzun ez dutenean. Beraiekiko nolabaiteko errekonozimendu bat egongo dela uste dut.

 

Elikagaiak, edariak eta garbikariak

Elikagaietan eman da igoerarik handiena, ala proportzionala izan al da igoera?

Elikagaiak, edariak eta garbikariak. Horiek izan dira gehien igo diren salmentak. Komuneko papera ere saltzen dugu, kar, kar, kar. Eta ez dugu arazorik izan.

 

Zerbezarik edo legamiarik ez da falta izan?

Ez, stock handia izaten dugu beti. Legamia amaitu zen bai, baina beste produktuekin ez dugu arazorik izan.