Mobilizazioen itzulera

Konfinamenduak euskal preso eta senideentzat "sufrimendu-plusa" ekarri duela salatu dute plazan

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 30a, 10:35

Maiatzeko azken ostiralarekin batera, euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioak Euskal Herriko plazetara itzuli ziren atzo, covid19-aren eraginez bi hilabeteko etenaldiaren ostean. Baita Usurbilgo Mikel Laboa plazara ere. Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak deituta, mobilizazio jendetsua egin zen frontoi atzean.

Konfinamendu garai honetan une gogorrak eta batzuetan oso mingarriak bizitzea egokitu dela gogorarazi zuten deitzaileek, “baina euskal preso politikoentzat, haien familia eta lagunentzat sufrimendu-plusa ekarri du”. Kutsatzeko arrisku handia eta gaixotuz gero espetxetik kanpo baino ondorio larriagoak, “osasun bitartekoen egiturazko gabeziengatik”. Baita espetxealdiaren hiru laurdenak beteta, jada kalean behar zuten arren, Madrilgo Aranjuezeko espetxean dituzten Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga herritarren kasuan ere. “Gainerako presoak bezala, gure herrikide Olatz eta Patxik jasan dute (eta oraindik ere jasaten ari dira) itxialdi bikoiztua eta Olatzen kasuan hirukoiztu bezala definitu genezakeena. Izan ere, kartzelako ohiko giltzapetzeari, modulokoa eta orain bere ziegakoa ere sufritzea tokatzen ari zaio. Bere haurdunaldia dela-eta, azterketak egiteko ospitalera eraman dutenez, handik itzulitakoan berrogeialdian bakartua segitzen baitu”, Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak joan den ostiraleko mobilizazioan berri eman zuenez.

Bisitarik gabe izan dira asteotan. Urte hasieran alaba Xua haiengandik bereizi zutenetik behin baino ezin izan dute ikusi gurasoek. “Beste presoak bezala, haiek ere ezin izan dute aste hauetan guztietan bisitarik izan eta Xuak Picassent utzi zuenetik, behin bakarrik ikusi dute, otsailaren 27an. Telefono bidezko deiak eta bideo-dei bakan batzuk izan dira elkar ikusi ezin horren zuloa betetzeko modu bakarra”, Usurbilen Nahi Ditugu bilgunearen esanetan.


Berehalako neurrien eskaera
Bizi dugun testuinguruan, presoen auzian berehalako urratsak ematea eskatu zuten: gaixo dauden presoen etxeratzea, 65 urte baino gehiago dituztenena. Eta arrisku gehitua dutenena baita, haurdun den Olatz Lasagabaster tartean. “Eta nola ez, lege arrunta aplikatuta jada kalean beharko luketen guztiak ere bai”. Tartean, Olatzekin batera, Patxi Uranga bera.

Deseskalatze prozesu betean garen honetan, ahalik eta lasterren, premiazkotzat jotzen dituzte bisitak berriz martxan jartzea exijitzen dute. “Familia bisitatzeko eskubidea bermatzeko euskal lurraldeetatik atera behar dute senide gehienak eta hori ezinezkoa da une honetan. Horrenbestez, Espainia zein Frantziako espetxeetara bidaiatzeko beharrezko bitartekoak jarri behar dituzte agintariek”. Nahiz gogorarazten duten, egoera hauek kudeatzea askoz errazagoa litzatekeela, dagozkien eskubideak bete eta euskal presoak lehenbailehen Euskal Herriratuko balira. “Gose greban dagoen Patxi Ruiz iruindarrarekin ikusi dugun bezala pandemiarekin aregotu diren beren eskubide urraketak ekiditea errazagoa litzateke etxetik gertu balira”.

Datozen deialdiei adi egoteko eskatu zuten, “gurekin berriro izateak ematen digu aurrera jarraitzeko indarra” gogorarazita. Tartean, Sarek abiarazi duen “Izan Bidea” ekimenari. Euskal Herriak duen biztanle adina kilometro (3.127.326 km) egitean oinarritua dago, bakarka nahiz taldean. “Euskal preso eta iheslarien egoerari irtenbidea emateko urratsak eman eta kilometroak egitea da asmoa, herri honen elkarbizitzaren eta bakearen aldeko ibiltarien sare erraldoia osatuz”, Sareren esanetan. Informazio gehiago sare.eus atarian.