Koronabirusa

Zumarteren matrikulazioa, musika eskolaren bulegoan tramitatzeko aukera gaur

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 2a, 08:55

2020-21 ikasturterako matrikulazio epea zabalik du aste hasieratik eta ostiralera arte, Zumarte Musika Eskolak. Izen ematerakoa bide telematikoa lehenestea eskatzen dute. Halere, aurrez aurreko bi hitzordu ere finkatu ditu musika eskolak, astearte eta ostegunerako. Gaurkoa (ekainak 2) 17:00-19:30 artean, Puntapax kalean duen bulegoan.

Bide telematikoa hautatzen dutenek argibideak zumarte.eus atarian jasoko dituzte. Jendaurreko zerbitzua ere bermatu nahi du halere Zumartek eta aurrez aurreko bi hitzordu finkatu ditu; astearterako (ekainak 2) 17:00-19:30 artean eta ostegunerako (ekainak 4) 10:00-13:00 artean.

Matrikulazioa zumarte.eus ataritik eskuratu beharko den inprimakia beteta egin beharko da; online bete eta bidaltzeko aukera egongo da. Bestela, inprimakia eskuz bete eta Zumartek Artzabalen, Puntapax kalea 10 behean duen bulegora helarazi aipaturiko egun eta ordutegian.

Kontuan hartzeko oharra; iazko matrikulen eta kuoten prezioan ez da aldaketarik izango, bere horretan mantenduko dira. Familia ugariei nahiz 3 senide edo gehiago matrikulatuak daudenen kasuetan, %40ko deskontua aplikatuko zaio ikasle gazteenari. “Horretarako familia ugarien txartela ekarri beharko da bulegora”.

Plaza banaketaren arautegia aplikatuko da. Plaza kopuruen zozketak egin eta onartutako ikasleen zerrendak argitaratu ondoren, adierazitako kontu korrontetik, ikaslea onartua izan den ikasgaien matrikularengatik ordaindu beharreko tasaren %10 kobratuko zaio ekaina bukaeran, %40 iraileko lehen astean eta %50 abendu hasieran.

Instrumentuak urtebetez uzteko aukera
Ikasturte berrirako ere eskaintza zabala prestatu dute; “Musika txokoa, musika mintzaira, tronpeta, tronboia, saxofoia, bonbardinoa, biolina, perkusioa, klarinetea, eskusoinua, trikitixa, panderoa, pianoa, txistua, gitarra, flauta, organoa, abesbatza eta talde instrumentalak”.

Tronboia, saxofoia, tronpeta edo biolina ikasten hasten direnen kasuan, ikasleentzat egokiak izan eta nahi izanez gero Zumartek dituen instrumentuak urtebetez utziko ditu.

Informazio edo argibide gehiagorako:
943 37 15 94
bulegoa@zumarte.eus
Puntapax 10, behea
zumarte.eus