'Ura sartu zen barrura', Peru Galbeteren dokumental berria

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 4a, 07:32

Peru Galbetek Ura sartu zen barrura izeneko ikusentzunezkoa aurkeztu zuen urte hasieran, Nafarroako Punto de Vista zinema jaialdian. “Txikia nintzenean uholde handi bat egon zen bizi ginen auzoan. Denak salbu atera ginen baina ez bajeran genituen oroitzapen asko. Diapositiba batzuk besterik ez zituen berreskuratu aitak, eta banan-bana garbitu. Urak ordea beste esanahi bat eman die”. Sinopsiatik haratago jo nahi izan dugu. Hauek dira Peru Galbetek egin dizkigun adierazpenak.

NOAUA! 16 minutuko ikusentzunezko bat da. Ez da ohiko dokumental bat. Gehiago du pieza artistikotik. Nola definituko zenuke zuk?
Peru Galbete. Dokumentala da baina egia da urtzen ari dela muga hori. Ez-fikzio gisa definituko nuke. Gauzak kontatzeko beste modu bat.

Ura sartu zen barrura ikusentzunezkoan, 1997ko uholdeak ekarri dituzu gogora.
Urak argazkietan zer nolako eragina izan zuen ikusten da diapositibetan, eta interesgarria iruditu zitzaidan. Baina ez da uholde haiei buruzko lan bat bakarrik. Txikitako oroitzapenak diapositiba horiekin batera uztartzea erakargarria egin zitzaidan.

Hortaz, 1997ko uholdeak baino, urak kaltetutako diapositiba horiek izan dira lan hau abiarazi dutenak.
Hori da. Nik 10 urte nituen orduan. Erdi ahaztua nuen, erabat ahaztua ez esateagatik. Diapositibak topatu nituenean, orduan erabaki nuen zerbait egin beharra nuela.

Txikierdin bizi zineten orduan, Troia baserriaren ondoan.
Bai. Troia auzoan. Hor behean etxebizitza batzuk daude. Zuloan geratzen diren horietako batean bizi ginen orduan.

10 urte zenituen. Beraz, gogoan izango duzu.
Bai, gogoan dut. Dena den, ez dut oroitzapen traumatikorik gordetzen. Ni amarekin atera nintzen eta mendian itxaroten egon behar izan genuen urak jaitsi arte, berriz etxera itzuli ahal izateko. Bizilagun batzuk apuro handiagoak pasa zituzten. Hala ere, horrelakoak denoi geratzen zaizkigu memorian.

 

“Urak diapositibak itxuraldatu zituen”

NOAUA! Laburmetraiak hiru osagai nagusi ditu: argazki zaharrak, aitak magnetofoi bidez eginiko grabazioak eta auzotarrei eginiko elkarrizketak.

Peru Galbete. Akaso garrantzia txikiagoa du baina uraren soinua topatzea inportantea izan zen niretzat. Girotze lanak egiteko, uraren soinu batzuk behar nituen eta Interneten topatu nituen. Euskal Herri osoko soinuen biltegi bat dago sarean, soinumapa.net. Uraren soinu grabe bat bilatzen ari nintzen eta ura preso irudikatzen duen audioa topatu nuen. Sinbolikoa iruditu zitzaidan. Gizakiak naturan eragiten du etengabe. Gure etxe aurreko karretera hori urtez urte gero eta gorago, gero eta gorago, azkenean zulo batean utzi zuten auzoa. Uholdeetan ikusi zen moduan.

Oroitzapenak baino, diapositibak izan ziren akuilu lana egin zutenak.
Banekien aitak jasoak zituela. Duela urtebete ordea, kutxa batean ikusi nituen berriro. Ordurarte ez zitzaidan piztu horrekin zerbait egiteko gogoa.

Eta lanari ekin zenion.
Diapositiba asko ziren. 2.000 baino gehiago eskaneatu nituen. Eta horrek lan handia eman zidan. Baita eskaneatu ondorengo hautaketa-lanak ere.

Urak bere lana egin zuen argazkietan. Bere arrastoa nabaria da. Argazkiek horrelako ukitu artistiko bat dute orain.
Bai. Hori izan zen hasieratik atera nuen ondorioa. Argazkiak eskaneatzerakoan indar handia zutela ikusi nuen. Arrasto horiek ez daude nahita eginda eta, era berean, artelanak dira. Urak diapositibak itxuraldatu ditu eta diapositiba horiek dira nire txikitako oroitzapen asko. Era berean, denborak oroitzapenak aldatzen ditu. Hor metafora polit bat ikusi nuen eta horri heldu nion.

 

“Zerbait kontatu nahi nuen, baina ez nirea den zerbait bakarrik”

NOAUA! Dokumentalean entzuten diren magnetofoiko audioak txundigarriak dira. Umetako kantak, etxekoen arteko solasalditxo laburrak. Zure haurtzaro garaira garamatzate.
Peru Galbete. Hori da. Diapositibekin bakarrik ezin nion laburmetraiari mugimendu handirik eman. Horregatik soinuek eta kantuek garrantzia handia dute sekuentzia bakoitza osatzeko orduan. Audio horiek ez dira uholde garaikoak bakarrik, baina dena elkarlotzeko ahalegina egin dut, denari zentzu bat emanez. Ikusi eta entzuten dugun horrek zentzua izan dezan.

Aitak grabatzen zituen audio horiek?
Bai, nik duela gutxi deskubritu ditut zintak. Diapositibak eskaneatzen hasi eta gero, 10 bat kasete topatu nituen. Hor argi eta garbi ikusi nuen laburmetraiaren ideia. Diapositiba horiekin beste proiektu batzuk egiteko asmoa nuen baina zinten deskubrimenduak jarri ninduen dokumentala egitera.

Familiaren ondarea baliatu duzu ikusentzunezkoa osatzeko. Bidaia intimo bat da, baina unibertsala da kontatzen duzuna. Edonoren haurtzaroa ekar dezakeelako gogora.
Material pertsonala edo familiarra oso interesgarria da baina jakin behar da zerk duen balio kolektiboa. Horregatik pozten naiz laburmetraia modu horretan ulertu baduzu. Nik hasieratik intentzio hori nuen. Eta azken batean, hori izan da nire erronka. Nire begiradatik atera eta material horri begiratu pantaila aurrean agertzen dena ni izango ez banintz bezala. Zerbait kontatu nahi nuen, baina ez nirea den zerbait bakarrik. Jende asko identifikatuta sentitu daitekeen zerbait. 

Mundu oniriko bat iradokitzen dute audioek eta argazkiek. Bizilagunekin eginiko elkarrizketek ordea, errealitate dosi bat ematen diote dokumentalari.
Bai, interesgarria iruditzen zitzaidan nahasketa. Diapositibak oso gertukoak dira, haurtzaroa ekartzen dute gogora. Baina uraren eraginez, beste zerbait adierazten dute. Entrebista horiek uholdeen historia jasotzeko asmoz egin nituen.

Zer diote zure etxekoek?
Nafarroako Punto de Vista jaialdian aita eta arreba egon ziren eta gustura atera ziren proiekziotik. Uste dut gustatu zaiela. Beren ikuspuntutik ikusi dute, oso pertsonala da beraientzat.

 

“Gero eta denbora gehiago eskaintzen diot musikari”

NOAUA! Zinema arloko lanez gain, musikari ere bazabiltza. Bakarlari edota beste musikari batzuen konpainian.
Peru Galbete. Nik gehienbat kameralari bezala egin dut lan. Musikan hasi nintzen gutxinaka, baina gero eta denbora gehiago dedikatzen diot. Hatxe izeneko taldean nabil orain baina nire proiektu propioa ere badut.

Asko asebetetzen nau gauza ezberdinak egiteak eta horregatik ez dut baztertzen ez bat eta ez bestea. Proiektu bat bukatzean beste bati ekiten diot, eta  laburmetraia eta gero, disko berriari heldu diot. Horrela ibiltzen naiz.

‘Nor zara zu?’, konfinamenduan erditutako diskoa
Duela hilabete eskas, disko berria kaleratu du Peru Galbetek. Nor zara zu? (Mukuru, 2020) du izena eta “azken hiru urteetan, Usurbil, Urretxu eta Uharte artean idatzi eta grabatutako kanta batzuen bilduma da”. Uharten nahastu zuen, konfinamendua bete-betean zela. Etxealdiaren zati handi bat hortaz, diskoa burutzen igaro zuen.

Oraingoz, sarean baino ezin da entzun. Bandcamp plataforman, perugalbete.bandcamp.com helbidean. Dena den, Nor zara zu? diskoa euskarri fisikoan plazaratzeko asmoa du.

 

1997ko uholdeak

1997ko  ekainaren 1eko uholdeak kalte material ugari eragin zituen Usurbilen. Gehigarri berezi bat prestatu genuen NOAUA!n. Esteka honetan duzue ikusgai: 1997ko uholdeak, gehigarri berezia.