Merkataritza hizpide

Labe Goxo okindegia: “Jendea lasaiago dago orain”

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 3a, 09:15

Maskara edo musukoa jantzita. Halaxe topatu ditugu herriko okindegietako saltzaileak. Lasai sumatu ditugu, okerrena pasa den ustearekin.

NOAUA! Itxialdian, lan gehiago egin duzue edo berdintsu aritu al zarete?

Axun Sagardia. Bai, lan gehiago egin dugu. Jendeak bi ogi  eramaten bazituen, konfinamenduan lau erosten zituen. Etxetik egunero atera beharrean, bi egunetik behin etortzen zen jendea, eta badaezpada pixka bat gehiago erosten zuen.

 

Lanpetuago ibili zarete hortaz.

Lana oso ezberdina izan da. Ilarak sortzen ziren kanpoan eta urduritasuna nagusi zen. Baita hemen barruan ere. Gu presaka, eta hemen zegoen klienteak, harek ere kezka.

 

Jendeak pazientziarekin hartu ditu ilarak, ezta?

Nik uste dut baietz. Errespetuarekin. Baten bat konturatu gabe sartzen bazen eta beste bezeroren bat bazen okindegi barruan, ateratzeko  esan eta ondo hartzen zuen.

 

Bereziki lehen asteak izan ziren zailenak.

Bai, eta kristoren aldaketa egon da azken asteotan. Hasieran jendea urduri zebilen eta ez zekien nondik nora joan behar zuen. Orain dena kontrolpean dugula uste dut. Jendea lasaiago sumatzen dut.

 

Segurtasun neurriei dagokionez, ondo moldatu al zarete?

Bai, baina zalantza asko izan ditugu. Batean horrela egin behar dela esaten zen eta beste aldetik ezetz, ez dela horrela egin behar.

 

JOERA BERRIAK

“Jende asko etorri da irin eta legamia bila. Madalenak, erroskilak edota ogia egiteko...”

 

Aldaketa asko denbora gutxian.

Hori da asuntua.

 

Hemen ere igarri al zenuten legamia erosteko fenomenoa?

Bai, nabarmen gainera. Jende asko etorri da irin eta legamia bila. Madalenak, erroskilak edota ogia egiteko.