Merkataritza hizpide

Opil-Goxo okindegia: “Lanerako garai zaila izan da”

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 3a, 09:19

Opil-Goxo okindegia Kale Nagusian dago eta kafetegia ere bada. Konfinamenduan, kafetegia itxi eta okindegira mugatu dute beren jarduna. "Berdintsu egin dugu lan. Ordutegia murriztu egin behar izan genuen, ogiarekin bakarrik aritu ahal izateko", aitortu digute.

NOAUA! Ez dira lanerako garai errazak, ezta?

Opil-Goxo. Zaila izan da horrela lan egitea. Ilara luzeak igandeetan sortu dira bereziki. Pastel asko saltzen ditugu eta lana bikoiztu egiten da. Maiatzeko lehen igandean adibidez, bat egin zuten konfinamenduaren irteerak, Amaren Egunak eta Andatza Egunak. Igande  hartan, ilara elizaraino iritsi zen. Ezintasun handia sentitzen duzu horrelakoetan.

 

Kafetegia itxita izan zenuten lehen asteetan, baina kafea eramateko eska zitekeen.

Bai, aukera hori bagenuen eta latak ere saltzen ditugunez, freskagarriak eta garagardoak izugarri saldu ziren.

KONFINAMENDU GARAIAN

“Baserrietan bizi direnen seme-alabak etortzen ziren gurasoentzako ogia erostera”

Herritik ezin atera, bertan kontsumitu behar zen. Zuei ere lana handitu egingo zitzaizuen, ala ez?

Berdintsu egin dugu lan. Ordutegia murriztu egin behar izan genuen, ogiarekin bakarrik aritu ahal izateko. Gainera, jaso genuen mezua izan zen ahalik eta denbora gutxien egon behar genuela jendaurrean. 6:00etatik 14:00etara egin dugu lan.

 

Orain ordea, arratsaldetan ere zabaltzen duzue.

Bazen jende bat, lanetik bueltan zetorrena eta ogia erosteko aukera gutxi izaten zuena. Hona iritsi orduko, bere gustuko ogirik ez zen gelditzen. Konfinamendua arintzen hasi zenean, arratsaldez ere zabaltzen hasi ginen. Bagenekien ez zuela irabazi handirik ekarriko, baina bezeroengan pentsatuz egin genuen; egunero lanetik bueltan datorrenak izan dezala gustuko eskaintza.

 

Batzuk etxean egin dute ogia. Zuengana ere etorri al dira gozogintzako osagaiak erostera?

Ogi-irin asko saldu dugu, eta baita legamia ere.

 

Bi hilabete hauetan, etengabe aritu zarete lanean. Baldintza zailetan. Jendeak eskertzen al du halako ahalegina?

Batzuk bai. Baina baten batek aurpegiratu digu beraiek etxean egon diren garaian gu dirua egiten egon garela hemen.

 

Denetarako jendea dago hemen.