Merkataritza hizpide

Laukote okindegia: “Aste hauetan jende gehiagok bazkaldu eta afaldu du etxean”

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 3a, 09:21

Fase guztiak “pasa ditugu hemen”. Eramateko kafearekin bizitakoak ondo laburbiltzen du konfinamendua zer izan den Laukoteko langileentzat. “Eramateko bazen, posible genuen saltzea. Gero ezetz, eta astebete egin genuen kafea ezin saldu. Gero berriz baietz”. Nahasgarriak izan dira arauak. Baina konfinamendua arintzearekin batera, gauzak bere onera itzultzen hasi dira. Aste honetan ohiko ordutegia berreskuratu du Laukotek. Terraza, kafetegi eta okindegi zerbitzua eskaintzen dute Artzabalgo parkean.

NOAUA! Funtsezko jarduera izanik, ez duzue etenik egin. Lana handitu egin al zaizue?

Laukote okindegia. Lan gehiago eduki dugu, bai. Jendea lanera joaten denean, bere lantoki ondoan eros dezake baina konfinamendua ezarri zenean, herrian geratu zen jendeak herrian erosi behar zuen. Horretaz gain, jende gehiagok bazkaldu eta afaldu du etxean... Eta astebukaeran ezin zen tabernara edo jatetxera joan.

Jantokiko jangelan beharrean, umeek etxean  bazkaldu dute. Beraz, igoera igarri da, bai.

 

NORMALTASUNERANTZ

Terraza zabalik dute “eta barruan bi mahai jarri ditugu orain. Komunak ere ireki ditugu”

 

Hona ere iritsi al zen legamia eta irinaren fenomenoa?

Bai, horiek ere lehen baino askoz gehiago saldu ditugu. Legamia ez zen agortu, egun batetik bestera eska dezakegu. Baina irina bai, egun batzuetan agortuta egon zen.

 

Bezero batzuk lehen aldiz hurbilduko zitzaizkizuen. Akaso bertakoa gehiago baloratuko dute aurrerantzean, ezta?

Denetatik egongo da. Atetik sartzen diren bezero guztiak berdin tratatzen ditugu hemen. Bezero berri bat izan daitekeelako geroko bezero. Akaso egongo da hona etortzeko ohitura ez izan arren, berriro itzuliko dena. Guk hala izatea espero dugu!