Koronabirusa

Usurbilgo merkatariak: "Herri bizitza mantentzeko aukera on bat duzue orain"

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 4a, 12:48

Herri merkataritza babestu eta sustatzeko bonoen salerosketarako gertuago.eus webgune berria aurkeztu dute asteazken honetan Sutegin, Usurbilgo Udalak, herriko saltoki, denda eta negozio anitzetako langileekin batera. Covid19-ak sektorea gogor kolpatu duela nabarmentzeaz gain, egitasmo honen onurak goraipatu eta erosketa bonoen ekimen honetan parte hartzera deitzen dituzte herritarrak.

"Kolpe handia izan da guretzat, gure langileentzat", zioen Artzabalen ile-apaindegi zerbitzua eskaintzen duen Ane Loidik. Covid19-ak eragin dien zailtasun eta etenaldiei aurre egin ordea eta "gehienok martxan gaude. Gure protokoloak martxan jarri ditugu". Konfinamendu osteko garai "ezberdin" honi ilusioz ekin diotela nabarmentzen zuen Loidik, erosketa bonoen plataforma berriaren, gertuago.eus webgunearen Sutegiko aurkezpen ekitaldian.

"Halako laguntza bat eskertzekoa da", zioen Loidik Udalari zuzenduta. "Herri bizitza mantendu nahi dugula ikusten da", gaineratu zuen. Herritarrak herriko establezimenduetan xahutzeko bonoak erostera animatu zituen. "Animatu denok. Aukera ederra duzue".

Erakusleiho fisikoak bizirik mantentzearen garrantzia
Ildo beretik mintzatu zen baita Santueneko Aialde-Berri sagardotegiko Salome Portu ere. "Aukera oso ona da erakusleiho birtual hau". Bai herriko saltokiak, sektoreko langileak eta Usurbildik atera gabe, herrian bertan eskuratu daitezkeen produktuak ezagutzeko. Etorkizunean sendotzen joango den proiektu bat dela ikusita, baikor agertu zen. Halere, online plataforma berri honetako erakusleiho birtual hau txalotu arren, gogorarazi zuen, "ez dugula ahaztu behar ze garrantzitsuak diren herriarentzat erakusleiho fisikoak". Portuk nabarmendu zuenez, "garrantzitsuena horiek bizirik mantentzea da", herri bizitza duin bat izateko. 

Konfinamendu asteetara atzera begira jarrita, Urdaiagatik Kaxkora jaistean herriak zuen panorama tristea gogorarazi zuen. "San Estebanetik herrira jaisten nintzenean penagarria zen saltoki guztiak itxita ikustea, terrazarik gabe...".