"Prezipitazio handiagatik" 21:00ak arte abisu horian

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 4a, 07:16

Goizaldeko 3:00ak pasatxotik abisu horian gara eta jarraituko dugu "prezipitazio handiagatik" 21:00ak arte. Zenbait lekutan metro karratuko 40 litro baino gehiago pila daitezke. 

"Ostegunak udazken itxurako eguraldia ekarriko digu", iragarri du Euskalmet meteorologia agentziak. Abisu horian joango zaigu ostegun hau (ekainak 4). Goizaldeko 3:00etan hasi eta iluntzeko 21:00ak arte, "prezipitazio handiagatik". 

Tarte horretan, "zenbait lekutan ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daiteke, bereziki kostaldean. Trumoi-ekaitzak izan daitezke eta zenbait lekutan zaparrada handiak bota ditzake, bereziki kostaldean. Euri txiki-ertaina egingo du, baliteke euria iraunkorra izatea eta kantauri isurialdeko zenbait lekutan 40 l/m² baino gehiago pilatzea, bereziki ekialdean".

EGUNOTARAKO IRAGARPENA:
Ekainak 4, osteguna
"Ostegunak udazken itxurako eguraldia ekarriko digu: tenperaturak behera egingo du, haizea zakar ibiliko da eta giro euritsua izango dugu. Zerua lainotuta egongo da eta euria denera zabalduko da, baina ipar partean sarriago eta indar handiagoz egingo du euria. Gainera kostaldetik gertu zaparradak handiak eta trumoitsuak izan daitezke. Tenperaturak nabarmen egingo du behera eta herri askotan 20 ºC-tik behera geratuko da. Gainera ipar-mendebaldeko haizea bizi-bizi ibiliko da eta traba egingo du".

Ekainak 5, ostirala
"Ostiralean bustitik jarraituko du ipar partean baina hegoaldean ateri eutsiko dio. Kostaldetik gertu ezegonkortasun hondarrak geratuko dira eta tarteka euri txikia egingo du goizean; egunaren bigarren zatian atertzera egingo du. Hegoaldean berriz, eguna lainopean hasiko dugun arren, ateri eutsiko dio eta arratsaldean ostarte zabalak irekiko dira. Ipar-mendebaldeko haizea bizi-bizi ibiliko da, bereziki kostaldean eta Ebro bailaran. Tenperaturak berdin jarraituko du, freskotik".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus