Koronabirusa

Ostalarientzako udal diru-laguntzak eskatzeko azken eguna

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 5a, 10:37

Covid19-ak eragindako kalteei aurre egiteko herriko taberna, kafetegi eta gainerako ostatuak babesteko presazko diru-laguntza iragarri zuen duela zenbait aste Usurbilgo Udalak. Oinarriak maiatzaren 22ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean kaleratu zituen. Eskabideak aurkezteko epea ostiral honetan itxiko du Udalak.

Covid19-aren osasun krisialdiak sektorean eragindako kaltea arintzera dator Usurbilgo Udalaren presazko diru-laguntza lerro berria. "Laguntza hauen xedea da larrialdi egoerak sorturiko kalteak arintzen laguntzea, horretarako, laguntza ekonomikoak eskainiko dira, Usurbilgo tokiko taberna, kafetegi eta ostatuentzat diru sarreren gabezia arintzen laguntzeko eta gastu finkoei aurre egin ahal izateko".    

Guztira 10.000 euro bideratuko ditu arlo honetara. Establezimendu bakoitzak gehienez 400 euro jasoko ditu, Covid19-aren osasun krisialdiaren ondorioz, "beren jarduera geldituta edo fakturazio %75ean murriztua badute"

Baldintzak
Diruz lagunduko dira, errentamentu, ohiko hornidura, gestoria, aholkularitza edota langileen gastuak. "Jardueraren etenaldia hasi denetik eta derrigorrez itxita egon den arteko gastu finkoak hartuko dira kontuan, hau da, 2020ko martxoaren 14tik 2020ko maiatzaren 11era arte". Dirulaguntza osoa jasotzeko, "gastuaren zenbateko berdina edo handiagoa aurkeztu beharko da. Bestela aurkeztutako eta behar bezala justifikatutako gastuetara egokituko da dirulaguntza".

Deialdi honetan parte hartzeko ostalaritza guneek bete beharko dituzten baldintzen artean dira, "jarduerari eragin izana, edo covid19ak osasun krisialdiaren ondorioz, erregulazioko espediente bat izatea (ERTE) autonomoentzako aldi baterako jarduera eten izanagatik ezohiko prestazioaren titular izatea edo eskatu ahal izateko baldintzak egiaztatzea". 

Baldintzok ere bete beharko dira: ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanda egotea, negozioa Usurbilgo udalerrian kokatua egotea edota erakunde ezberdinekiko betebeharrak egunean izatea. 


10 egun baliodun
Laguntzak bihartik (maiatzak 23) aurrera eskatu ahalko dira, "10 egun balioduneko epean". Bizi dugun egoera tarteko, eskabideak telematikoki bideratzea aholkatzen du Udalak, erregistroa@usurbil.eus helbidearen bidez. Udalera joan behar izanez gero, hitzordua eskatu aurrez 943 371 951 telefono zenbakira deituta.

Eskabideak arloko teknikariak aztertu eta gero Alkatetza Dekretu bidez ebatziko dira. Oinarri hauei buruzko informazio osoa esteka honetan duzue: Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak.

Duela astebete iragarri zuen Udalak, covid19-ak kaltetutako herri merkataritza eta ostalaritza sustatzeko neurri sorta. Hemen dituzue xehetasunak: https://noaua.eus/usurbil/1589792105441-tokiko-kontsumoa-sustatu-eta-merkatariak-laguntzeko-laguntza-lerroak