Gertuago.eus martxan

"Gertuago.eus", erosketa bonoak eskuratu eta herri merkataritza laguntzeko atari berria

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 4a, 13:05

Covid19-ak gogor kolpatu duen herri merkataritza suspertzen laguntzeko aukera ederra dugu eskura; gertuago.eus atari berria. Plataforma horretan konfinamendu garaian jarduera eten behar izan duten 30 saltokiren erakusleiho birtualak ditugu. Bakoitzak %20ko deskontudun erosketa bonoak jarri ditu salgai. Sartu, eskuragarri jarri dituzten bonoak erosi eta gero saltokietan xahutuz, asteotan inoiz baino gertuago izan ditugunak babesteko aukera dugu.

Konfinamendu garaian zaindu gaituzten herriko merkatariak babesteko gure txanda da orain. Online plataforma berri bat sortu du sektoreak eta Usurbilgo Udalak, covid19-ak eragin dien kaltea leuntzen laguntzeko; "Usurbilek zerbitzurik galdu ez eta Usurbilek herri bizi bat izaten jarraitu dezan"; gertuago.eus ataria hain zuzen. Web berri honetan, herriko saltokietan xahutu ahal izango ditugun bonoak eskuratu ahalko ditugu; 20, 50 edo 100 eurokoak. %20ko deskontuarekin. Bono hauen %80a erosleak ordainduko du, gainerako %20a Usurbilgo Udalak hartuko du bere gain. Eta dendariak, egitasmoa aurkezteko asteazken honetan Sutegin egindako ekitaldian nabarmentzen zen moduan, "%100a kobratuko du".

Covid19-aren eraginez bizi izan dugun konfinamendu garaian, jarduera etenda izan duten herriko 30 saltokiek parte hartuko dute momentuz egitasmo honetan. "Deseskalatze" prozesua abiatzearekin batera, asteotan ireki dituzten negozio hauek, erakusleiho birtuala, txoko propioa dute gaur bertan martxan jarri duten gertuago.eus atari berrian.

Sektoreko langileak ikusgarri
Bonoak eskuratu nahi dituenak egin beharrekoa erraza da. Edozein gailu hartu (ordenagailua, mugikorra...), aipatu helbidean klikatu. Erosketak egin nahi ditugun saltokia hautatu; gremioka sailkatu dituzte. Saltoki bakoitzari aurpegia jarri diote; bertan lan egiten dutenena. Konfinamendu garaian, inoiz baino gertuago izan ditugula islatu nahi izan dute egitasmo honi jarri dioten izenarekin, baita atari berri honetan zintzilikatu dituzten aipatu sektoreko langileen argazkiekin ere. "Zer egiten duten eta zein diren" herritarren aurrean agertu eta guztiok ezagutzea nahi dute; "garai oso gogorrak bizi izan dituzten" saltokion atzean pertsonak daudela nabarmendu. "Horrek gertutasun bat ematen dio; Usurbilgo dendariak eta zerbitzuetako arduradunak prest gaude berriz ere herritarren aurrean aurpegia emateko". 

Atari bizia izango da; webgune berrira sartzen garen bakoitzean, saltokien hurrenkera nola aldatzen den ikusi ahalko dugu. Saltoki bakoitzak prezio jakineko (20, 50 edo 100 euroko) bono kopuru zehatz bat jarriko du bezeroen eskura. "Herritarrak jakin behar du herritar askok erosiko dituztela bonoak eta agortzen joango direla", ohartarazi dute egitasmo honen bultzatzaileek. Zenbat bono eta ze preziotan nahi ditugun aukeratu eta txartelarekin ordaindu. Herritar bakoitzak, gehienez jota, 2.000 euro xahutu ahalko ditu erosketa bonoetan. Bide hori osatuta, bonoa une horretan bertan deskargatzeko aukera izango dugu edota erregistratzerakoan eman dugun e-posta helbidean ere jaso ahalko ditugu.

Webgune berri honetan lehen aldiz sartzen garenean hain zuzen, erregistratu egin beharko gara. Tramitazio erraz horretan jasoko dugun pasahitza izango da bigarren bono erosketa egitera goazenean erabili beharko duguna. Ondo gogoan hartu beraz.

"Usurbilgo kaleak bizirik nahi ditugu"
Egitasmo honen sustatzaileek argi utzi nahi duten kontu bat; ikusiko duzuen moduan, web orri berri hau ez da erosketak online egiteko plataforma bat, erosketa bono hauek eskuratzeko ataria baizik. Bonoak erosita, orain arte bezala, bono hauek xahutzeko hautatu dugun saltokietara joan beharko da. "Usurbilgo kaleak biziri nahi ditugu, herritarrek dendetan erosketak presentzialki egiteak gure erronka izaten jarraitzen du", nabarmendu dute. Deskontudun bonoak xahutzeko 2020ko abenduaren 31ra arteko tartea izango dugu.

30 dira momentuz, egitasmo honekin bat egin duten herriko saltokiak. "Usurbil batean 30 negozio egotea "Gertuago" markaren babespean erronka garrantzitsu bat da. Neurri batean bada Usurbilgo tokiko merkataritza eta zerbitzuak garai berrietara egokitzeko urrats garrantzitsu bat".

Aurrerago gehiago izan daitezke; "bigarren fase batean, konfinamendu garaian itxi beharrik izan ez zuten dendak gehitzen badira, erakusleiho zabalagoa eta aberatsagoa izango da", sustatzaileen esanetan.

Informazio gehiago eta erosketa bonoak eskuratzeko, sartu jada martxan dagoen gertuago.eus atarian.