Gertuago.eus martxan

Usurbilgo Udala: "Inoiz baino gertuago behar gaituzte"

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 4a, 12:15

Jasotakoa itzuli edo bueltan emateko garaia dugu. "Zaindu gaituzte eta orain gainerako herritarroi dagokigu haiek zaintzea", zioen Agurtzane Solaberrieta alkateak asteazkenean Sutegin. Konfinamendu asteetan, inoiz baino gertuago izan dugu herri merkataritza. "Gertuago" da hain zuzen, Udalak herri merkataritza eta ostalaritzarekin elkarlanean abiatu duen egitasmo berriaren aldarria. "Hurrengo aste eta hilabeteetan lelo horrek blaituko ditu gure kale eta erakusleihoak, sortuko ditugun euskarri ezberdinen bidez".

"Herriko merkatariek egindako ahalegin eta esfortzu handiaren ondorioz, herrian modu seguruan egin ahal izan ditugu erosketak, herritarron osasuna bermatzeko hartutako neurrien ondorioz", Agurtzane Solaberrieta alkateak asteazkeneko Sutegiko aurkezpenean nabarmentzen zuenez. Gogorarazten zuenez, "herria hilik izan da asteotan". Latza izan da asteotan saltokietako "pertsianak jaitsita ikustea".

Orain, osasuna lehenetsita, "herria berriz bizitzea tokatzen zaigu". Eta herri bizitzaren berme nagusietako bat jotzen du alkateak herri merkataritza eta ostalaritza. Erronka hau betetzea ordea, elkarlanetik bideratu beharko dela nabarmentzen du. "Herri erronka baten aurrean gaude. Ez dut dudarik, elkar harturik, elkarlanetik eta lankidetzatik, eta elkartasuna eta komunitatearen zaintza oinarri aurrera egingo dugula". 

Herritarrei alkateak gogorarazi nahi die "tokiko merkataritza eta zerbitzuak beti egon dira herritarrengandik gertu. Orain guri dagokigu haiek zaintzea eta gu gertu sentiaraztea". 

Horregatik orain, "Usurbilgo Udalak garbi du; testuinguru honetan, tokiko merkataritza zaindu eta babesteaz gainera, sustatzea ere badagokigu", zioen alkate Agurtzane Solaberrietak. Sustapen lan horretarako aurkeztu zuen asteazkenean Sutegin eta jarri du gaur martxan, gertuago.eus atari berria. Online plataforma honetan, konfinamendu garaian jarduera eten behar izan duten herriko 30 saltokietan xahutzeko 20, 50 edo 100 euroko erosketa bonoak eskuratu ahalko ditugu.

Lehendik zaila zen egoera, zailagoa orain
Covid19-ak gogor kolpatu duen herri merkataritzari lotutako datu argigarriak eskaini dituzte Udaletik, "datu latzak" Usurbilgo alkateak zehaztu moduan. 74 establezimenduek jarduera eten behar izan dute; sektoreko 248 langileengan, enplegu osoaren %70ean eragin du krisialdiak, eta zuzeneko eragin ekonomikoa 3 milioi euro ingurukoa izan da. Covid19-ak eragindako krisialdiak, "areagotu baino ez ditu egin, tokiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen alorrak bizirauteko zituen zailtasunak". 

Horregatik, Udalak herriko saltokiekin batera abian jarri dute gertuago.eus erosketa bonoak eskuratzeko webgune berria. Bonoak %20ko deskontuarekin eskuratu ahalko dira, deskontu hori Usurbilgo Udalak bere gain hartuko du. "Guztira 400 euroko ekarpena egingo dio Udalak establezimendu bakoitzari. Bono guztiak salduta, establezimendu bakoitzari 2.000 euroko fakturazioa eragingo lioke. Eta herritarrek gehienez ere 200 euroko deskontua jasoko dute, hau da 2.000 euroko bono erosketa egingo duela esan nahi du horrek".

Zabaltzen joango den egitasmoa
Usurbilgo alkateak egitasmo honen bueltan asteazkenean Sutegin eginiko aurkezpenean argitu zuenez, lehen fase honetan, jarduera etenda izan duten herriko 30 establezimenduek parte hartuko dute egitasmo honetan. Bigarren fasean, "gainerako saltokiak ere parte hartzea da gure asmoa. Horregarako Udalak beste hainbeste bono jarriko ditu salgai komertzio guztientzako". 

Proiektu honetatik at geratu diren ostalaritza guneentzat, alkateak gogorarazi duenez, diru-laguntza lerro bat ireki du. Ostiralera arteko epea dute interesdunek eskabideak aurkezteko.