Sagardo Egunez balkoiak apaintzeko erabilitako plastiko zatiak itzultzeko aukera asteburuan

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 5a, 09:05

Etxetik ospatu behar izan genuen 39. Sagardo Egunez balkoiak apaintzeko Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak emandako plastiko zatiak itzultzeko bi hitzordu finkatu dituzte ostiral eta larunbat honetarako. Antolakuntzari bueltatu edo hurrengo edizioan berriz erabiltzea eskatu dute.

Sagardo Egunaren antolatzaileek ez dute “etxe ondoan eraiki diguten munstroa elikatu nahi”. Bi proposamen egin dituzte: “Plastikoa etxean gorde, datozen urteetan ere balkoietan jarri eta herria girotzeko. Edo guri itzuli, datorren urteko Sagardo Eguneko postuetako mahaietan erabiltzeko”.

NOAUA!ra igorri duten idatzian azaldu dutenez, “balkoietan jartzeko banatu genituen plastikoak ez ditugu erabili nahi gure etxe ondoan eraiki diguten munstroa elikatzeko”. Bi aukera luzatu dituzte:
1 - Plastikoa etxean “txukun-txukun gorde, datozen urteetan ere balkoietan jarri eta herria girotzeko”.
2- Sagardo Egunekoei “itzuli, datorren urteko Sagardo Eguneko postuetako mahaietan erabiltzeko (izkinak puskaturik, zulaturik... badaude, pixka bat txukuntzea eskertuko dugu)”.

Itzulketa egiteko urratsak
-Sagardoaren Lagunak elkartekoei utzitako lokalera eraman behar dira plastiko zatiak. Alegia, hartutako tokira: Artzabalen, Guria tabernaren ondoan duten lokalean.
-Zein egunetan:
- Ekainak 5 ostirala, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara.
- Ekainak 6 larunbata, eguerdiko 11:00etatik 13:00era.