EH-ko Eskubide Sozialen Kartaren ekainaren 19ko mobilizazio eguna prestatzeko eskualdeko bilera

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 5a, 14:33

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak mobilizazio eguna deitu du ekainaren 19rako, "Lehenik bizitza! Etxean geratu naiz. Orain kalera aterako gara" aldarripean. Mobilizazio egun hau prestatu eta "herriaren ahotsa kalean entzun dadin bermatzeko" Buruntzaldeako Eskubide Sozialen Kartako eragileek eskualde mailako bilera irekia deitu dute ekainaren 10ean (asteazkena) 18:00etan Hernaniko Biteri kultur-etxean. "Animatu bileran parte hartzera, norbanako zein kolektibo guztiak elkarrekin gure eskubideak aldarrikatzeko ordua da!".

Kalea berreskuratzeko deia egin du eragile sozial anitzen elkargunea den Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak. Konfinamendu aurreko "normaltasuna" eta "osasun krisi bati erantzuteko gai ez den jendarte antolaketa" atzean utzi eta erabateko norabide aldaketa exijitzeko deia egin dute.

Bizitzak erdigunean jarri, eta "pertsonak, komunitateak eta planeta babestea" lehenestea. "Langile eta herri sektoreen interesak erdigunean jartzeko unea da. Lehenik bizitza!", Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak plazaratu eta babes zabala jasotzen ari den manifestuak dioenez. "Bizitzak sostengatzeko gure burua gobernatu nahi dugu, erabakiak hemen hartu, gehiengoen araberako politikak egiteko. Eredu sozio-produktibo berria ezinbestekoa da".  

Albiste honi atxikia duzue mobilizazio hauekin bat egin duten hainbat lagunek egunotan Bilbon eginiko agerraldia, EH-ko Eskubide Sozialen Kartak grabaturiko bideoan. Manifestua irakurtzen, Aitziber Aranberri herritarra, ELA sindikatuko ordezkaria, Gipuzkoako erresidentzien borrokan murgildua dabilena. Azken hilabeteotan bizitzaren aldeko borrokan nabarmendu diren sektoreetako langileek, sindikatuek, herri mugimendu anitzek edota eremu ezberdinetako aurpegi ezagunek bat egin dute segidan duzuen manifestu honekin.

Guztiontzako eskubide guztiak, lana berrantolatzea, babes sozialerako sistema indartzea edota aberastasuna zuzen banatzea aldarrikatzen du:

EUSKAL HERRIKO ESKUBIDE SOZIALEN KARTA: ADIERAZPENA
Etxean geratu naiz. Orain kalera aterako gara. Burujabetza bizitzak sostengatzeko lehenik bizitza!

Luzeak egin zaizkigu egunak. Ikusezina den zerbaitek gure egunerokotasuna goitik behera zeharkatu du eta normalitatea hautsi. Dagoeneko gauzak aldatu dira eta ez gara lehengora bueltatuko. Berdin zaigu, ordea, guk ez dugulako nahi aurreko normalitatea, guk aurrera egin nahi dugulako. Atzean utzi nahi dugu osasun krisi bati erantzuteko gai ez den jendarte antolaketa. Pertsonak, komunitateak eta planeta babestea lehenetsi behar da, ez merkatua, etekin ekonomikoa eta jabetza pribatua. Langile eta herri sektoreen interesak erdigunean jartzeko unea da. Lehenik bizitza!

Azken hamarkadetan gobernatzen gaituztenek hartu dituzten neurriak neoliberalak izan dira eta horrek kolapso egoerara eraman gaitu. Sistema kapitalista – heteropatriarkal - arrazista – ekozida - kolonialistak eraman ditu gure bizitzak kolapsora. Banka erreskatatu, zerbitzu publikoetan etengabeko murrizketak egin, lan erreformen bidez soldatapeko lana aseezina den merkatuaren menpe utzi eta beharrezkoak diren lanak ezkutuan mantentzeko politikak egiten dira egunero- egunero gurean.

Krisiak aldaketa garaiak eta aukeren momentuak omen dira. Euskal Herria. XXI. Mendea. Bizitzak sostengatzeko gure burua gobernatu nahi dugu, erabakiak hemen hartu, gehiengoen araberako politikak egiteko. Eredu sozio-produktibo berria ezinbestekoa da, erabateko norabide aldaketa exijitzen dugu. Ez gara gutxiagorekin konformatuko.

Agiri honekin bat egiten dugunok errealitate berria aldarrikatu nahi dugu. Orain arteko norabidean segitzea jasangarria dela pentsatzea utopia neoliberala da. Bizitzak erdigunera / Bizitza lehenik.

ESKUBIDE GUZTIAK GUZTIONTZAT
Herritar askeak izan nahi dugu. Horretarako guztion eskubide sozialak —osasuna, hezkuntza, elikadura osasuntsua, etxebizitza, kultura— bermatu eta erabakiak hartzeko ahalmena ezinbestekoak zaizkigu. Jendarte demokratikoa; jatorri, arraza, sexu-, genero, hizkuntza eta edozein diskriminazio errotik ezabatuko duena. Instituzioek herritar guztion eskubideak bermatzeko berezko misioa dutela ulertuz, indibidualismoan oinarrituriko eredu batetik praktika kolektibo-komunitarioak sustatuko dituen ereduranzko trantsizioa egin behar dugu, guztionak diren bitartekoak guztion eskura jarriz eta guztiok gure ekarpena eginez.

Pertsonen arteko sareak, harremanak, trukeak, elkar zaintzak indartuz Herri burujabetza ariketa etengabea izango da gurea. Alarma egoeraren baitan hartu diren kontrol neurriak zein estatuaren birzentralizazioaren aurrean, burujabetzak aldarrikatzen ditugu: gure gorputzari buruzko erabakia, gure herriaren etorkizuna, gure proiektu autoeratuak eta gure eredu sozio produktiboa garatzeko ahalmen osoa.

LANA(k) BERRANTOLATU
Bizitzak sostengatzen dituzten lanak aitortu eta banatu behar ditugu, eta langile orori lan baldintza duinak bermatu, egoera administratibo irregularrean daudenenak barne. Produzitzen duguna berraztertu, ekarpen soziala lehenetsi, jakintza hedatu eta lan orduak murriztu behar ditugu. Lana banatu, kalitatezko enplegua sortu, jendarte kontrola bermatu eta lan egiteko bizi baino, bizitzeko lan egin behar dugu. Alternatiba badago eta gure esku dago.

BABES SOZIALERAKO SISTEMA INDARTU. OSASUNA ETA ZERBITZU PUBLIKOAK INDARTU
Sistema publiko eta komunari balorea eman (jabetza publikoa, eredu partehartzailea), kronifikatu den pobrezia eta prekarietateari aurre egiteko. Herritarrak babesteko sistema eraginkor, indartsu eta propioa behar dugu, bertatik bertara eraikia dena. Egoera zaurgarrienean dauden kolektiboen bizi beharrak asetzeko erronka daukagu. Egoera zaurgarrietan dauden kolektiboen bizi-beharrak asetzea erronka izanik, herritar guztiok bizitza duina izateko dugun eskubide helburu beharko luke.

KAPITALAK ORDAINDU DEZALA/ ABERATSEK ORDAIN DEZATELA
Herritarrak ez gaude prest sistema kapitalistak sortu duen krisiaren ondorio kaltegarriak gure bizkar hartzeko. Askoren lanaren etekinetatik gutxi batzuek metatutako aberastasuna modu ekitatiboan banatzeko garaia da. Zor ilegitimorik ez dugu onartuko eta gehien duenak gehien ordain dezan, erreforma fiskal sakonak beharrezkoak izango dira. Instituzioak patronalaren menpe eta kapitalaren bahitu izateari utzi eta herri sektoreon mesedetara jarri behar dira.

Egoera grisa marrazten badigute ere, guk koloretako etorkizuna irudikatzen jarraitu behar dugu, gure urratsak norabidetzeko. Kalean mobilizatuko gara. Une bakoitzean tokian tokiko errealitatea egokitu eta beharrezkoa osasun neurriak arduraz betez. Deialdia lau haizetara zabaldu nahi dugu, lehenik bizitza! Aldarrikatuz.

2020ko maiatza. Euskal Herria