Zubietako erraustegia

Europak Foru Aldundiak adierazitakoa gezurtatu eta arrazoia eman dio GuraSOS-i

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 6a, 16:17

GuraSOSek Zubietako erraustegiaren inguruan 2018an Europan aurkezturiko eskaerak aztertzeke dituzte oraindik, bertako Eskaeren Batzordeak gutun bidez jakinarazi duenez. Honenbestez, Europatik gezurtatu egin dute Foru Aldundiak asteotan adierazitakoa; "Gipuzkoako Ingurumen Gunea" deitzen dioten horretan Diputazioak egindako kudeaketa ez du babestu Europak, eta arrazoia eman dio berriki GuraSOSek esandakoari. Aztertzeke ditu GuraSOSek eginiko eskaerak.

Soka luzea ekartzen ari den gaia. Gipuzkoako Foru Aldundiko foru ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok duela astebete Europak Zubieta gaineko "Gipuzkoako Ingurumen Gunearen" (erraustegiaren) proiektua kudeatzeko modua babestu zuela adierazi zuen, eta honenbestez, GuraSOSek eginiko eskaerak alboratu zituela. 

Egun gutxira GuraSOSek adierazpenok gezurtatu zituen. "Asensiok gezurra esaten du eta modu eskandalagarrian manipulatzen du". Manipulazio kasu larri baten aurrean gaudela ohartarazi zuen. "GuraSOSek uste du iritzi publikoaren eta komunikabideen gaineko manipulazio larri baten aurrean gaudela". Eta "Europako komunitateko instituzioekiko errespetu falta ikaragarria adierazten du horrek; izan ere, hartu ez dituzten erabakiak esleitzen zaizkie". 

"Europak ez du GuraSOSen eskaera errefusatu, eta ez du Diputazioaren kudeaketa babestu"
GuraSOSek adierazitakoa berretsi du orain Europako Parlamentuko Eskaeren Batzordeko presidente Dolors Montserratek. GuraSOSen esanetan, "irmo agertu da esanez batzordeak “oraindik ez duela aztertu” GuraSOSek 2018. urtean egindako “eskaeraren mamia”.

Foru Aldundiak adierazitakoaren aurrean "Europako Parlamentuko Eskaeren Batzordeari ohar horren gaineko iritzi ofiziala" eskatu zion GuraSOSek. Bi erantzun posible jaso zitzaketen; "Edo Aldundia gezurretan ari zen, edo GuraSOS gezurretan ari zen". 

Europatik heldutako erantzuna oso argia dela ohartarazten du GuraSOSek. "Europak ez du erabakirik eman, Europak ez du GuraSOSen eskaera errefusatu, eta ez du Diputazioaren kudeaketa babestu".

Batzordeko presidenteak sinaturiko gutunak, Zubietako erraustegiaren harira GuraSOSek egindako eskaera ontzat ematea erabaki zuela dio 2018ko azaroan. Europako Batzordeari helaraziko ziola gai honi buruzko aurretiazko ikerketa bat egiteko eta Ingurumen, Osasun Publiko eta Elikagai Segurtasuneko Baltzordeari jakinaraziko ziotela.

2020ko maiatzaren 15ean Eskaeren Batzordeak duela bi urteko GuraSOSek aurkezturikoaren Europako Batzordearen erantzuna jaso zuela dio gutunak. Argi uzten du, erantzun horrek ez du islatzen Eskaeren Batzordeak hartutako erabakirik. 

Alderantziz, behin tramitara onartuta, eztabaida baten bidez, idatziz edo ohiko bilkura batean aztertuko direla jakinarazten da. GuraSOSi bere eskaerak egin dezakeen bideaz informatzen joango zaiola iragartzen du Europako Eskaeren Batzordeak.

"Erraustegiak hainbat arazo juridiko ditu"
Asteotan gertaturikoaren aurrean, protesta bat helarazi dio Europako Parlamentuari GuraSOSen esanetan, "Aldundiak egiazko informazioa izateko eskubidea urratzen duelako”. Aldundia "desleialtasun instituzionalean jausi dela" irizten dio GuraSOSek. “Instituzio horren sinesgarritasuna kaltetzen du hiritarren aurrean, eta bere independentziarekiko interferentzia eta esku-hartzea suposatzen du”. GuraSOSek hain zuzen bere kezka helarazi dio Europako Parlamentuari eta larritzat jotzen du "agintariek Eskaera Batzordearen balizko erabakia "aurreratu", "ordezkatu" eta "baldintzatu" nahi izatea". 

Asteotan gertaturikoak "Aldundiaren amarru trakets hau Zubietako erraustegiaren ezarpen prozesuaren ahulezia testuinguruan" kokatzen du GuraSOSek. "Izan ere, egitasmoak (erraustegiak) hainbat arazo juridiko ditu, egitasmoarentzako gero eta kezkagarriagoak direnak eta hurrengo asteeetan azalaraziko ditugunak; gero eta gaitzespen sozial handiagoa du bere osasun eta ingurugiro ondorioengatik; jendarteak trantsizio ekologikorako gero eta sentsibilizazio handiagoa du, eta horrelako azpiegitura gehiago ez eraikitzeko Europako politikak abiatu dira –berriena erabilera bakarreko plastikozko ontzi eta tresnen erabileraren debekua, horiek dira erraustegien erregai nagusia-. Azken batean, ziurgabetasunaren itsasoan noraezean doan barku batean bihurtu da".