Koronabirusa

Udako ordutegia gaurtik Euskotrenen eta Lurraldebusek zerbitzu gehiago

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 8a, 12:05

3. fasean sartzearekin batera, aldaketak garraio zerbitzuetan. %100eko zerbitzuak eskaini eta eserleku guztiak baliatzeko aukera egongo da EAE barruko tren eta autobus zerbitzuetan, beharrezko prebentzio neurriak hartuta beti ere. Testuinguru honi begira, Lurraldebusek hainbat zerbitzu indartu ditu eta Euskotrenek, urteroko udako ordutegia aurreratu eta gaurtik martxan du jada.

3. fasean sartu da Hego Euskal Herri osoa gaur (ekainak 8), tartean Gipuzkoa eta baita honenbestez Usurbil ere. Bart gauerdian eman ditu argitara Eusko Jaurlaritzak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren bidez "normaltasun berria" heldu aurreko azken fase honetan baimendua izango dugunari buruzko xehetasunak.

Tartean, mugikortasunari lotutako argibideak. Gaurtik (ekainak 8), "maiztasunak eta edukierak %100ean berreskuratu ahal izango dira bidaiarien lurreko garraioetarako (trenbidea eta errepidea), baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan egiten badira osorik".

Fase berri honetan, garraio zerbitzuak baliatzerakoan "ibilbide osoan maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, eta pertsonen artean segurtasun-distantzia mantentzen saiatu beharko da".

Ordutegi berriak
3. fasean sartu garen astelehen honetan berriz egokitu dituzte garraio zerbitzuetako ordutegiak. Lurraldebusek hainbat zerbitzu indartu ditu. Euskotrenek aurreko urteekin alderatuta, udako ordutegia martxan izango du gaurtik, asteburuan jai egunetako ohiko tren zerbitzuen maiztasuna berreskuratu ostean, zerbitzuen %100a alegia. 

"Udaren helduerarekin, Euskotrenek bere eskaintza egokituko du udarekin lotutako mugikortasun-beharrak asebetetzeko. Horrela, ohiko tren-zerbitzua indartuko da hondartzak dituzten kostako udalerrietarako lekualdatzeak errazteko. Aurten, bizi dugun egoera kontuan hartuta, Euskotrenek udako zerbitzuak aurreratzea erabaki du modu efizienteagoan erantzuteko gure erabiltzaileen mugikortasun-beharrei".

Usurbil zeharkatzen duen tren zerbitzuei dagokienez, asteburuetako joan etorrietan antzemango dugu aldaketa handiena; "indartuko egingo dira asteburuetako eta jaiegunetako zerbitzuak" Donostia-Zumaia artean. 

Informazio gehiagorako: 
Euskotren
944 333 333
euskotren.eus

Lurraldebus
900 300 340 (8:00-22:00)
lurraldebus.eus
Lurraldebusen app-a